GARA > Idatzia > > Kultura

Donostiako Kursaal aretoan joko du gaur Simon Bolivar Orkestrak, gurean lehen aldiz

p050_f01_97x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Venezuelako Gaztediaren Simon Bolivar Orkestra Sinfonikoak debuta egingo du gaur Euskal Herrian, Gustavo Dudamelen gidaritzapean. Egungo zuzendari gazteen artean ospetsuena dugu Dudamel, eta ikusmina sortu du kontzertuak. Izan ere, iragan urrian Goteborgeko Orkestra Sinfonikoa zuzendu zuen berak, eta arrakasta ederra erdietsi Kursaal aretoan.

Honakoan, bere orkestra kuttunarekin arituko da Dudamel, hamabi eta hogeita sei urte bitarteko neska-mutilez osatu eta Venezuelako hezkuntza egitasmoaren erakusgarri nagusi den Simon Bolivar Orkestra Sinfoniko finarekin, aditu eta zaleek munduko gazte orkestra hoberenen artean kokatzen baitute egun Venezuelakoa.

Kursaalerako sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Gaztetxoen ispilu

Orkestraren bitartez txirotasunean edo pobrezian amiltzeko zorian dauden gaztetxoei etorkizun oparo baten esperantza zabaldu zaie Venezuelan, Jose Antonio Abreu zuzendariak Simon Bolivarren idealetan oinarrituta abian jarri duen sistemaren laguntzarekin. Egitasmoak nazioarte mailan onespen eta sari ugari lortu ditu, gainera.

Gustavo Dudamel (Barquisimeto, Venezuela, 1981) dugu asmo eta hezitzaile horren eredurik garbiena, plan honen barruan hezia da-eta bera, eta lortu duen arrakasta nabaria baita. Dudamelek urtean sei hilabetez betetzen du Simon Bolivar Orkestrako musika zuzendari kargua, eta gainerako hileetan mundu mailako orkestra handi askok egin nahi dute lan berarekin. Udazken honetan Goteborgeko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritza kargua laga, eta Los Angeleseko Orkestra Filarmonikokoa hartuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo