GARA > Idatzia > > Kultura

Kultur arlo ezberdinek bat egingo dute Azkoitian, Gipuzkoako V. Bertso Eskolen Egunean

Antzezle, mago, pailazo eta abeslariek izango dute tartea igande honetan Azkoitian ospatuko den Gipuzkoako V. Bertso Eskolen Egunean. Egun osoko egitarau irekia prestatu du Bertsozale Elkarteak.

p049_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Bertsolariak badu aktoretik, badu kantaritik, badu pailazotik eta badu magotik ere», azaldu zuen Andoni Egaña bertsolariak, eta euskal kulturako arlo horietako guztietako ordezkariak bilduko dira igandean, Azkoitian ospatuko den Gipuzkoako V. Bertso Eskolen Egunean. Aurtengo nobedade nagusi gisa, egun osoko egitarauaz gain, antzezlan berezi bat prestatu dute: «Bertso Eskoba». Egañak berak idatzi du gidoia, eta atzo Donostian egindako aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, «bertso eskolaren batean ibili den edonork ederki ulertuko du tituluaren zergatia». Zarauztarraren esanetan, «plazako egoera simulatzeko erratzaren kirtena erabiltzen da bertso eskola gehiene- tan. Horixe izaten da antzik handiena duena eta eskura egoten den instrumentua».

Antzerkian ezohiko antzezleek hartuko dute parte. Alde batetik, aktoreak egongo dira, Ramon Agirre eta Aitziber Gar- mendia. Azken honek azaldu zuenez, harrituta gelditu zen eskaintzarekin, «betidanik bertsozale amorratua izan naiz eta oso gustura nago egun honetan parte hartzeko aukera izatearekin». Pailazoen ordezkari Porrotx arituko da; magoen kasuan, Txan magoa; eta abeslari lanetan, Ken 7 taldeko Eñaut Elorrietak hartuko du parte. Ordubete inguru iraungo duen emanaldia 17.00etan hasiko da Baztartxo antzokian eta sarrera irekia izango da.

Harremanak sendotuz

120 bertso eskoletako 400 neska-mutil inguruk parte hartuko dute antolatutako ekintzetan. Goizean jinkana egingo dute herrian zehar, eta Unai Gaztelumendik diseinatutako kamiseta bat oparituko zaie parte-hartzaile guztiei. Bazkariaren ostean, zaldi eta zezen txikiekin dibertitzeko aukera izango dute, eta ondoren, antzerkiaren txanda izango da.

Iñaki Olalde Gipuzkoako Bertsozale elkarteko Transmisio eragileak azaldu zuenez, hiru erpinek osatzen dute transmisioaren alorra: hezkuntza arautuak -7.000 ikasle inguruk jasotzen dute bertsolaritza irakaspena-, bertso eskolak eta jarduera osagarriak. «Egun hau azken erpinean kokatuko genuke. Gure helburua Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutza bultzatzea da eta, bide batez, ondo pasatzea». Gipuzkoako bertso eskolak gonbidatu badituzte ere, interesa duen edonork parte har dezakeela adierazi zuten.

ANTZERKIA

Ramon Agirre, Aitziber Garmendia, Porrotx, Txan magoa eta Eñaut Elorrietak egingo dituzte aktore lanak Andoni Egañak idatzitako «Bertso Eskoba» antzezlanean.

Fitxa

Lekua: Azkoitia (Gipuzkoa).

Eguna: Apirilaren 26a, igandea.

Antolatzailea: Gipuzkoako Bertsozale elkartea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo