GARA > Idatzia > > Mundua

Zibil tamilen sarraskia berehala geldi dezan eskatu dio Indiak Sri Lankari

Indiako Gobernuak zibil tamilen aurkako sarraskia berehala amaitzeko eskatu dio Sri Lankari. Bide batez, LTTE gerrillari armak uzteko deia ere egin dio New Delhik. India gertutik ikusten ari da gatazka, Tamil Nadu estatuan 62 milioi tamil bizi baitira eta protestei ekin diete.

GARA |

Zibil tamilen sarraskia berehala gelditzeko eskatu zion atzo Indiako Gobernuak Sri Lankakoari, IANS berri agentzia indiarrak adierazi zuenez.

«Oso kezkatuta gaude Sri Lankan gertatzen diren zibilen etengabeko sarraskiak direla-eta. Ezin dira hilketa gehiago gertatu», esan zuen Indiako Atzerri ministro Pranab Mukherjeek asteazken gauean Gobernuak izan zuen bilera berezi baten ostean.

Manmohan Singh lehen ministroak zuzendu zuen bilera, eta bertan, Mukherjeerekin batera, Defentsa ministro A.K. Antony, segurtasun kontseilari nazional M.K. Narayanan eta Atzerri idazkari Shivshankar Menon izan ziren.

«Sri Lankako Gobernuak bere hiritarrak babesteko ardura dauka. Eta LTTEk (Tamil Eelam Askatzeko Tigreek) zibilak gatibu gisa modu ankerrean erabiltzeari utzi behar dio», gaineratu zuen Mukherjeek.

Sri Lankako Armadak LTEE gerrillaren kontrolpean dagoen eremuaren kontrako eraso bortitza hasi zuen astelehenean. Hogei kilometro koadro inguruko lurralde horretan 100.000 zibil baino gehiago zeuden bertatik atera ezinik.

Agintari sinhalandarrak «ekintza humanitario» gisa aurkeztu du eraso hori, baina gerrilla tamilak astelehenean Colomboko Armadak mila zibil hil eta 2.300 zauritu zituela salatu zuen.

«Ez dago krisi humanitario hau konpontzeko irtenbide militarrik. Alde guztiek onartu behar dute hori», nabarmendu zuen Indiako Gobernuak.

Sri Lankako Armadak, ordea, gerra eremutik 100.000 zibil erreskatatu dituela adierazi zuen. Halere, NBEko eledun Gordon Weissek 20.000 eta 100.000 zibil artean daude oraindik inguru horretan harrapatuta.

Oraindik gerrillaren kontrolpean dagoen hamalau kilometro koadroko eremuan daude zibil horiek. Sri Lankako Armadak inguratuta ditu eta ez dituzte beharrezko jaki eta sendagaiak.

«Irtenbidea tamilen kezkak kontuan hartuko dituen esfortzu politikoetatik etorriko da soilik. Sri Lankako politikan duintasuna lortu behar dute ahalik eta lasterren», gaineratu zuen Pranab Mukherjeek, eta Indiako Gobernuak ildo horretan lan egingo duela esan zuen.

Sri Lankako presidente Mahinda Rajapaksaren anaia Basil Indiara joan zen atzo, New Delhiko agintariei egoeraren berri emateko, IANS agentziaren arabera.

Tamilen protesta Indian

Indiak jarrera anbiguoa izan du orain arte. Alde batetik, LTTE talde «terroristatzat» jotzen du New Delhik, baina, bestetik, Sri Lankak tamilen aldarrikapenak kontuan izan behar dituela defendatzen du. Kontuan izan behar da, Indiako hego-ekialdean 62 milioi tamil bizi direla, Tamil Nadu estatuan.

Hori dela eta, Sri Lankan zibil tamilen aurka gertatzen ari den sarraskiak hautsak harrotu ditu Tamil Nadun. Horren erakusgarri, hamalau pertsonak beren buruaz beste egin dute, Sri Lankako Armadaren erasoen aurka protesta egiteko.

Tamil Nadu eta Sri Lankako iparraldea itsasertz estu batek baino ez ditu banatzen. Atzo, hamabi orduko greba orokorra egin zuten Tamil Nadun Sri Lankan su etena eskatzeko.

NBEko Segurtasun Kontseiluak, bestalde, armak uzteko eskatu zien tamil tigreei asteazken gauen New Yorken onarturiko adierazpen baten bitartez.

tigreek eutsi

Sri Lankako Armadaren erasoari eta armak uzteko atzerriko eragileek egindako eskaerei aurre eginez, tamil tigreek borrokari eutsiko diotela adierazi dute. Colombok oraindik ere erresistentzia topatu duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo