GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joseba Gines Eleno Etxabakoitzeko ezker abertzalea

Iruñea «ez-kultura»ren hiriburu eta Etxabakoitz utzikeriaren hiriburu

Gure auzoan inbertitzea ongi dagoela pentsa genezake. Baina argi dago auzokide guztien edota gehienen mesederako inbertsioez ari garela

Gure auzoko liburutegian dagoen informazio panel dotore batek 2016. urterako Iruñea Europako hiriburu kultural izateko saiakera aditzera ematen digu. Gure hiriburua ezagutzen duen edonork kalifikazio hau adar jotzea dela pentsatuko du. Horretarako, UPN eta PSOEk onartutako aurrekontuak besterik ez dira aztertu behar: kultur jardueretara bideratutako kopurua %5,59 jaitsi da, kolaboraziora eta kultura zabalkuntzara bideratutakoa %7,31 jaitsi zen, berezko programak %28,75 eta sanferminetako programaziorako kopurua, %10,04.

Datu hauek Iruñea osoan kulturara bideratutako gastuaren jaitsiera adierazten digute, baina Etxabakoitzen ez gara horrekin harrituko. Izan ere, ohituak gaude Iruñeko Udalak gure auzoan kulturan (zein bestelako gauzetan) euro bakar bat bera ere gastatu gabe bizitzen. Gure auzoan Iruñeko Udalak egiten duen gastu guztia udarako bi zine saio besterik ez dira. Hori kenduta, Iruñeko Udalak Etxabakoitzen egindako kultura inbertsioa hutsa da. Agian, UPN eta PSOEko buruek Etxabakoitzeko auzokideoi kultur jarduerak interesatzen ez zaizkigula uste dute. Agian, hezkuntza ere ez zaigula interesatzen, gure seme-alabek euskaraz ikasteko interesik ez dugula uste dute. Gure seme-alabek euskaraz ikas dezaten nahi badugu, Etxabakoitzetik atera behar ditugu, auzoan D eredurik ez dagoelako, nahiz eta D ereduak gure auzoko eskola suspertzen asko lagunduko lukeen. Bestalde, osasuna ere ez zaigula interesatzen pentsatuko dute, eta zertarako jarri behar bezalako instalazioak dituen osasun-etxea. Horregatik, egun dugun osasun etxe desegoki eta eskas horrekin uzten gaituzte. Zer gauza, Unibertsitate Klinikatik bost minutura gaudenean!

Baina haien lagunak laguntzeaz ari garenean, gastuak ez dira murrizten. SDC Echavacoiz-en egiten ari diren obretarako Udalak 200.000 euro bideratuko ditu. Eta horri Udaletik eta Gobernutik jaso dituzten milaka eta milaka euro edo milioika pezeta gehitu beharko genizkioke, eta ondoren udal lurren oparia batu.

Gure auzoan inbertitzea ongi dagoela pentsa genezake. Baina argi dago auzokide guztiei edota gehienei mesede egingo dien inbertsioei buruz ari garela, eta aipatutako azkeneko inbertsio horiek ezaugarri hori ez dutela. Izan ere, auzokide gehiago dira bazkide ez direnak bazkide direnak baino. Eta horren ordainetan, urtean lautan «doako» 34 abonu zozketatzen dituzte Iruñeko biztanleria guztiaren artean. Egia da Etxabakoitzek eta Iruñeak izaera publikoa duten kirol instalazioak behar dituztela eta ez, ordea, haietara sartzea pertsona askorentzat luxua direnak.

Eta esandako guztia gutxi balitz, Plan Sectorial de Incidencia Supramunicipal (PSIS) delakoaren zain gaude auzoan, 7.100 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duena. Plan honek PSISaren iruzurrezko erabilera egiten du, Abiadura Handiko Tren erabat espekulatzailearen milioi askoko geltokia finantzatzeko egingo baitute. AHT etxe ondotik pasatzen ikusiko dugu, baina ez, ordea, bertan garraiatu, AHTren prezioak auzokide gutxiren esku egongo baitira. Plan honek, gainera, ez du auzoko eremu ezberdinak integratzeko balioko, bide handien artean geratuko baita Urdanoz Multzoa, auzotik eta Iruñetik baztertuago, eta, horrenbestez, haien bazterketa bultzatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo