Bigarren maila
Mikel Labaka beste bi urtez jantziko da txuri-urdinez
Lehen Mailara igo ezean, «nekez» ikusten du Abreuk bere burua Donostian.
GARA | DONOSTIA
Mikel Labakak 2011. urtera arte jarraituko du txuri-urdinez jantzita. Atzo eman zuten jakitera atzelari azpeitiarraren inguruan Realeko zuzendaritzak harturiko erabakia eta, egiari zor, alde bien arteko harreman ona berretsi baino ez zuen egin albisteak. Labakak Donostian geratzea zuen xede eta talde txuri-urdinak Labaka berarekin nahi zuen. Negoziaketa guztiak ez dira horren errazak izango.
Aurten amaitzen zen berez Labakaren eta Realaren arteko lotura, baina bazeuden automatikoki beste urte batzuez luzatzeko zenbait baldintza: batetik, klubak berak jokalariaren kontratua luzatzeko aukera zuela, eta, bestetik, azpeitiarrak jokatzeko eskubidea aurrez bermatua zuela. Izan ere, azken bi denboraldietan partiden %60 jokatu duelako. Ondorioz, bulegoetan ez ezik, Labakak zelai gainean irabazi du hurrengo bi urteetarako kontratua.
Ulertzekoa den moduan, pozarren zegoen atzelari gipuzkoarra prentsaren aurrean. «Beti esan izan dut ahal den bitartean hemen jarraitzea gustatuko litzaidakeela, eta, beraz, oso gustura nago. Jarraitzeko aukera hori bete dela ikusten dudan honetan, are gusturago nago, noski», aitortu zuen.
«Klubak nahi izatea eta partida kopuru bat jokatzea ziren kontratua berritzeko bi bideak eta biak bete dira. Horrek esan nahi du jokatzeko aukera izan dudala eta Realak jarrai dezadan nahi duela», gaineratu zuen.
Jokalariak eta klubak «baldintza berberetan» erabaki dute, antza, bien arteko harremana berritzea. Azken orduan, Labakak pena txiki bat onartu zuen: Reala igotzeko postuetatik hurbilago egon ez izana.
«Nahiago nuke albiste hau une hobean iritsi balitz, Lehenen Mailara igotzeko postuetan egonda, adibidez. Taldearen helburua urruti badago, orduan norbera ere ez dago erabat pozik, baina maila pertsonalean bederen pozgarria da Realaren lehenengo taldean bost urteren ostean beste bi urtez jarraitu ahal izatea».
Abreuren etorkizuna
Txanponaren beste aldea Sebastian Abreuk erakutsi zuen. Uruguaiko aurrelariak taldearen arazo ekonomikoak izan zituen aintzat eta, modu horretan, Lehen Mailara igo ezean, bere burua «nekez» ikusten du Donostiako taldean.
«Golak sartzen jarraitu arren, ez dakit Lehen Mailara igo ezean, hemen jarraituko dudan. Arrakasta pertsonalak gutxirako balio du taldearen zoria bide beretik ez badoa. Gainera, egoera ekonomiko larri bati egin behar dio aurre taldeak eta, noski, mailaz igotzea lortuz gero, diru sarrera ugari lortuko lituzke -babesleak eta abar- egoera hori konpontzeko zer edo zer egin lezake. Helburua lortu ezean, klubak zorrotz jarraitu beharko du egoera ekonomikoari aurre egiten eta nekez jarraituko nuke. Hargatik, errealitatea zein den badakidalako, ezin naiz pozik egon, nire helburua Lehen Mailara igotzea zen-eta».
Hala ere, Abreuk itxaropena ez dela galdu behar erakutsi zuen, eta bera ere protagonista izan zen gertakizun bat gogoratu zuen horren harira. «2001ean, Almagroko San Lorenzorekin jokatzen nuela, hamaika neurketa jarraian irabazi genituen eta Argentinako txapelketa irabaztea lortu genuen. Hurrengo aurkariari irabaztea beste helbururik ez genuen jartzen eta txapelketa irabazi arte jarraitu genuen».
Si la Real corre el riesgo de caer en el limbo de la mediocridad, Eibar y Alavés están metidos en el sexto círculo del infierno. Ambos, con ya poco que perder, tratarán de rebañar sus opciones en las jornadas que restan. El técnico de los armeros, Josu Uribe, anunciaba que el conjunto azulgrana alineará dos delanteros frente al Zaragoza, porque el triunfo es obligado para frenar su caída en picado que llega a los dos meses sin ganar. Javi López, por su parte, expresaba su optimismo ante los nueve partidos que restan aludiendo a las «posibilidades de salvación» que ve para el Alavés y a la necesidad de «aprovecharlas y no dejarlas escapar».
GARA