GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Hodei guztien gainetik, sasi guztien azpitik

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Euskal Herriko sorginen herri ezagunenean, antzerkiaren akelarrea bizitzeko aukera izan dugu joan den aste honetan. Zortzi urte dira jada, Infernuko erreka hotzak zulaturiko leizearen alboko herri mitologiko honek txotxongilo eta ikuskizunez betetzen dituela Erdi Aroko harrizko kaleak. Herritar sorginek antzerkia lapiko beroan sartu eta emeki-emeki berotuta, koktel erakargarria sortu dute antzerkiaren akelarrera joan nahi duten gaur egungo sorgin modernoentzat. Eta antzerkiaren magia gutxi izango balitz, gure iraganean esanguratsua izan zen herri eta leize magikoaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Leizeko horma hezeetan su inguruan dantzan ari ziren sorginak eta akerra imajinatu eta gure historiako unerik eder eta garratzenak ezagutzeko beta ere bai.

Aurtengo Eskual Titiriteroen Topaketen VIII. edizio honetan adin guztietako jendea bildu da honako taldeen antzezlanak ikustera: Behi bis, Azika, Imagina T, Tenderete, Viravolta, Goloka, Taun Taun, Kixka, Antzezkizuna, Kukubiltxo eta Bihar taldeak, besteak beste.

Eta infernuko erreka izoztutik, infernuko labe beroetara jauzi egingo dut. Bertako su eroetatik ateratako instrumentu eta musikariak ikusi eta entzuteko aukera izan baikenuen joan den asteburuan Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Yllana taldeak Ara Makilian eta beste hiru musikarirekin batera sorturiko «Pagagnini» «des-kontzertua» hain zuzen ere. Izan ere, hirian izan genituen bi egunetan, antzokia jendez gainezka izan baitzen eta akelarreko euforia eta pasio gorri berarekin zutitu ziren guztiak, txalo artean «beste bat» behin eta berriz oihukatzen zutela. Musikariek aker deabruak berak baino soinu ero eta bikainagoak eskaini baitzizkiguten ahotik barrea kentzeko treguarik eskaini gabe.

Eta erokeriaz ari naizela, datorren asteburuan, egungo gizartean gori-gorian dauden gaixotasun mentalei buruz ariko zaizkigu Kanpingags taldekoak Imanol Larzabal aretoan. Joan den urtean Serantes antzerki sarietan accesita lortu zuen Jokin Oregiren «Ni naiz Hector, ni bakarrik» antzezlana hain zuzen ere. Komedia erromantiko hiperboliko honetan, guztiok geure baitan entzuten ditugun ahots desberdinez ariko zaizkigu, baina antzezlan honetan ez dira buru barneko ahotsak besterik izango, ahots hauek gorpuztu egingo dira, bata hiru bilakatuz eta egoera honek guztiak nahasmen ikaragarria sortuko du. Antzezlana komedia tonuan sortua bada ere, baditu hausnarketarako uneak ere.

Eta larunbat honetan, bigarren urtez, Usurbilgo Kale Antzerki egunaz gozatzeko aukera izango dugu. Aurten hamabost ikuskizun izango dira goizeko hamabietan hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte. Primerako giroa izango da bertan, familiarekin egun pasa polita izan eta baita parranda gosez daudenen egarria asetzeko ere. Eta euria eginez gero, sorginei deitu eta hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, frontoi azpian ospatuko da antzerki akelarrea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo