GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Askatasun inposatua

 

Blanca Izkue

Musikagintzako langilea

Sarearen erabiltzaileen kezka handia sortu omen du Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministro berriaren izendapenak. Izan ere, pirateatzearen kontrako jarrera sutsua argi agertu baitu. Horren harira, irrati batean internauten eskubideak aldarrikatzen dituen beste pertsona baten iritziari kontrapuntua jartzeko, nirea eskatu zidaten. Gonbita asko eskertuz, ezetza eman nien sobera iritzi pertsonala izanen zelakoan. Aste honetan, berriz, nire antzeko lanbidea duten beste lagunen arteko bileran, nire iritzia batere partikularra ez dela egiaztatu ahal izan nuen. Bildutakoen artean, inoren ordezkari bagara, estatu mailako hirurogeita hiru zigilu independente ordezkatzen genituen. Estatu mailan, diskoetxe txiki eta independenteek musika ekoizpenaren %80 gauzatzen dute, gainontzeko ekoizpen kopurua multinazionalen esku dagoela. Salmenta kopuruek, aldiz, ez dituzte inolaz ere portzentaje horiek islatzen. Eta pirateatzeari buruz solastatzen denean, gure etsipenerako, denok, handiak zein txikiak, independenteak zein majorak, zaku berean sartzen gaituzte. Multinazionalek urtez urte musikariei esker irabazitako dirutza, diskoetxe guztiak, txikiak barne, ustiapen lotsagarria zuzendu beharrekoan gaudela.

Jakin badakigu jendeari lezioak eman nahian hurbiltzea ez dela egokia. Internautek askatasuna aldarrikatzen dute, eduki kulturalen askatasuna sarean barrena ibiltzeko, eta edonoren esku uzteko. Badakigu belaunaldi oso bat, gaurko gazte gehienak, sarean eduki kulturalak musu-truk lortzen ohituta daudela, eta egia absolutua bailitzan defendatzen dutela eskubide hori. Baina musikari gehienei honi buruzko iritzia ez zaie eskatu, eta haien kantuak libreki konpartitzeko baimenik inori ez diote eman. Ematen dutenak egon badaude: haien kantuak, bideoak mundu osoaren esku utzi dutenak, Internetek eskaintzen dituen baliabideak erabiliz, dela YouTube, dela Myspace, dela sare sozialeko beste edozein tresna. Egileak bere musika eta irudia libreki erabiltzeko sarean kokatzen badu, edo bere kantuak copyleft moduan plazaratzen baditu, bejondeiola. Arazoa da jendearen iritzi zabalduena hau dela: denok, egile guztiek, hala jokatu behar dutela. Emari artistikoaren derrigorrezko askatasuna. Interneten edukiak hor daude, denok aprobetxatzeko, baina hemen aldarrikatzen dena zera da: egileek, musikariek, haien baimen zehatza agertu beharko luketela haien musika denon eskura jartzeko. Bere musikaren eskubideak berarentzat gorde nahi dituenari eskubide hori errespetatu behar zaio. Musikariak, edozein langile bezala, bere lanari atarramentu ekonomikoa ateratzeko eskubide osoa duela uste dut. Eta honetan bakarrik ez nagoela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo