Euskal Herria Zuzenean berrikuntza ugarirekin helduko da Heletara
Euskal Herria Zuzenean jaialdia uztailaren 3, 4, eta 5ean egingo da Heletan. Kokalekua ez da jaialdiak ekarriko duen berritasun bakarra. Kontzertuez gain, aurten bestelako ikuskizun ugari izango dira gustu eta adin guztientzako ekitaldiak izate aldera. Emir Kusturika & the No Smoking Orchestrak irekiko du, Puppetmastaz alemaniarrak eta The Bellrays kaliforniarrak Euskal Herriko hainbat talderekin konpartituko duten agertokia.
Idoia ERASO | BAIONA
Jaialdiaren kokalekua aldatzeaz batera, egitarauan ere hainbat aldaketa izango dira aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdian. Zuberoa utzi, eta kostaldetik eta hiriguneetatik hurbilago dagoen Nafarroa Behereko Heleta herrian izango da aurten jaialdia.
Aurten egitura polizentrikoa eman diote ospakizunari, eta Eneko Gorri antolatzaileak adierazi duenez, «animatuagoa eta parte hartzaileagoa» izango da. Aldaketek ez dute, hala ere, egituraren filosofia aldatu, hots, euskal kulturaren ispilu izatea, munduko beste kulturen agerrarraztea eta mugimendu alternatiboen erakustoki izatea. Horri eusteko egitura betea antolatu dute.
Eklektisismoa izango da horrenbestez, aurtengo ezaugarri nagusietako bat. Euskal Herriko Willis Drumond, We are Standard, Des-Kontrol eta Deabruak Teilatuetan taldeekin batera, Kaliforniako The Bellrays, Alemaniako Puppetmastaz, Afrikako Seun Kuti eta Jamaikako The Congos taldeek joko dute EHZ jaialdian.
Kartelburu gisa, punk espiritua eta rock erritmoa Balkanetako aireekin elkartzen duen Emir Kusturika & No Smoking Orchestra hurbilduko dira Euskal Herrira. Herrialde ezberdinetako taldeez gain, musika estilo diferenteek berotuko dute giroa. Musika elektronikoak ere izango du tartea jaialdian Beat Torrent bikotearen eskutik. The Sparteens taldeak bestalde, 1970eko hamarkadako ye-ye estiloan murgilduko ditu ikusleak.
Aurtengo berritasunetako bat «Kolektiboen eszena» izango da. Musika kolektibo ezberdinak bilduko dituzten saioak izango dira hiru egunetan, eta «musika jo nahi dutenei tokia emanen die», azaldu zuen animazio batzordeaz arduratzen den Amaia Burukik.
Antzerkiak, merkatua, pilota...
Aniztasuna ez da kontzertuetan bakarrik ikusiko, eta bestelako ekimenetan ere izango da, bai jatorriari bai arte adierazpideei dagokienez ere. Antzerkiak, dantzak eta ipuin kontalariak arituko dira eremu ezberdinak girotzen.
«Egunak geldiuneak ere izanen ditu, une patxadatsuak izanen dira musika lasaia eta ipuin kontalariekin, eta besteetan harrabots handia, joaldunekin, trikitilariekin, fanfarreekin eta abar», eman zuen aditzera Jose Cazabon antolatzaileak. Oro har, jendearen parte hartzea bultzatuko duten ekintzak izango dira, dantza ikuskizunekin, esate baterako, ikastaroak ere eskainiko baitira.
Beste esparru batzuetako ekintzek artearekin bat egingo dute Heletan. Besteak beste, pilota partida bat eta merkatua ere izango dira. Pilota partidan bertsolariek egingo dute «berriemaile» lana, eta bestelako sorpresak ere ekarriko dituztela nabarmendu zuen Burukik. Orain arteko filosofiari eutsiz, eskulangintzako produkzioak eta mozkin ekologikoak salgai izango diren merkatua ere antolatuko dute «Familiaren Eguna» izendatu duten igandean.
Heletako hainbat gune izango dira jaialdiaren agertoki. Herriko plaza eta frontoiarekin batera, orain arte bezala, herriko hainbat zelaitan ere egingo dira ekitaldiak, kontzertu handiak bereziki. Urtero legez, gune horretatik hurbil kanpalekua egongo da festazaleentzat.
Aniztasuna ez da kontzertuetan bakarrik ikusiko, bestelako ekimenetan ere izango da, bai herrialdeei bai arte adierazpideei dagokienez. Musika, ipuin kontalariak, antzerki lanak eta dantzak izango dira gune ezberdinak girotzeko.
Jaialdiko arduradunak hilero bildu dira heletarrekin, uztailaren aurreneko egunetan egingo den festibala antolatzeko. «Hasieran ez zuten jaialdia ezagutzen, baina gurekin mintzatuta, lasaitu egin dira», azaldu zuen EHZko presidente Elisabete Aizagerrek.
Ekimen asko herritarrek utzitako espazioetan egingo dira, lorategietan bereziki, eta batzuetan baita etxeetan ere. Haurren txokoa, esate baterako, heletar baten etxean egingo da; txikienentzako animazioak jai giroaren barnean baina bereizitako espazio batean egite aldera. I. E.