GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Pentsioa irabazitako eskubidea da, ez mesedea

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurretik erretiratuen eta pentsiodunen federazioak (FEVAAS) urte luzeetan kotizatu eta gero, agintariek pentsioak murriztu izana salatu, eta mobilizatzeko deia egin zuen atzo. Kolektibo horren eskaerak honakoak dira, besteak beste: haiei buruzko erabakiak hartzen dituzten organoetan ordezkatuta egotea, aurretik erretiratutakoek 65 urte beteta %100 kobratzea eta emakume alargunen pentsioa %52tik %70era igotzea; azken hau, bestalde, promesa zaharra eta inoiz bete gabea, gobernuek beti aurkitzen baitituzte beste lehentasun batzuk. Pentsiodunen eskaerak ez dira inondik inora burugabekeria; aitzitik, haien egoera da benetako burugabekeria eta bidegabekeria. Espainiako Bankuko gobernadore Fernandez Ordoñezek iragan astean Gizarte Segurantzaz egin zituen adierazpenak ederki baliatu ditu Madrilgo Gobernuak pentsiodunen defendatzaile gisa agertzeko, baina mezua, berriro ere, zabalduta dago. Eta argia da: pentsio plan pribatuetara jo behar da. Ez da batere argia, aldiz, pentsio sistema publikoaren aldeko apustua. Izan ere, sistema publikoak beti bermatuko lituzke pentsioak, urte luzeetako lanaldian kotizatutakoaren ondorio baita, eta ez pentsiodunei inork egiten dien mesedea. Atzo pentsiodunei, aurretik erretiratutakoei eta emakume alargunei kalera ateratzeko deia egin zieten, eta badute, bai, protestarako motiborik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo