GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Irakeko ezegonkortasunak Obamaren planak kamustu ditzake, bertan eta zonalde osoan

Desioak eta egitateak ez dira gauza berbera. Sarri, gainera, batzuk besteak ezeztatzen dituzte. Hala gertatu zaio Obamari Iraken. Iaz okupazioa hasi zenetik garairik «lasaiena» izan zuten Iraken. Orain arte AEBek eta honen aliatuek ezarritako Gobernuak gauzak kontrolpean zituela zirudien, indarraren bitartez eta dolarren laguntzaz, jakina.

Egunetik egunera, ordea, atentatuen berri gehiago heldu ahala eta herrialdearen maparen gainean dauden etnien eta interes-taldeen arteko liskarrak azaletik aztertuz gero, egoera ezin gordinagoa dela ondoriozta daiteke. Irtenbide militarra ezinezkoa da honezkero, eta politikoak ere oso konplikatua dirudi uneotan.

Obamak indarrak Afganistanen zentratzeko plana azaldu zuen kargua hartu eta berehala. Afganistanez gain, Pakistan zuen buruan ziur asko. Orain arte aliatu leiala izan den Pakistan kontroletik kanpo dago gaur egun. Obama Administrazioaren Iranekiko keinuak testuinguru honetan ulertu behar dira. Izan ere, auzi nuklearraren gainetik, eskualde osoaren egonkortasuna dago jokoan eta Iranen jokabidea erabakigarria izango da, honetan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo