GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jaizkibel Bizirik-ek «ekologia atentatutzat» jo du Pasaiako Portu Agintaritzaren asmoa

Jaizkibil Bizirik-ek publizitate kanpainatzat jo du Portu Agintaritzak kanpo portuaren simulazioa publikoki erakutsi izana. Gainera, irudiok «Jaizkibelen egin nahi den atentatu ekologikoaren frogatzat» jo ditu.

p014_f02_111x111.jpg

GARA |

Jaizkibel Bizirik plataformak bere ondoeza agertu du herenegun Pasaiako Portu Agintaritzak kanpo portuaren inguruan aurkeztutako simulazioarekin. Bere esanetan, hau «Jaizkibelen egin nahi den atentatu ekologikoaren froga» da.

«Aurkeztu zuten 200 hektareako hormigoizko lauzak, labarrak eta itsas hondoak txikituko ditu; eta portuak ez du funtzionamendu-edukiera nahikorik, bere helburu nagusia kutsagarriak diren energia jarduerak batzea da», salatu zuten atzo ohar bidez.

Euren esanetan, «Ekoportu» izendapena proiektu honi eman dakiokeen desegokiena da. «Portu agintaritzak erakutsi dituen irudietan ikus daiteke txatarra eta bestelako material kutsagarriak biltzen jarraituko dutela», azaldu zuten, aurreikusi dituzten beste jarduera kutsagarri batzuen gaineko informaziorik biltzen ez dutela salatzearekin batera. Hala, egun martxan dagoena baino lau aldiz handiagoa den zentral termikoa, biodiesel planta bat, birgasifikatzeko beste bat edota koke planta bat egitea aurreikusten dituztela jakinarazi dute.

Halaber, Portu Agintaritzak agertutako irudietan inguruko eremuetan eragingo dituen kalteen gainean ezer ez dela esaten salatu dute. Horien artean, plataforma logistiko osagarriak eraikitzeko Lezoko nekazaritza lurretan eragingo dituzten kalteak ez dituzte aipatu.

Arazo horiez harago, portu jarduerei eta trafiko aurreikuspenei dagokienez, azpiegitura honen tamaina «irrigarria» dela ekarri zuten gogora. «Nabarmendu egiten da eraikitze lanen dimentsioagatik eta biltegi moduan erabiltzeko duen edukieragatik».

Azpiegitura, gainera, oso garestia dela gogorarazi zuten. «Finantziazioa parte publikoan egungo portuaren terrenoekin espekulatzetik etorriko da, eraberritze demagogikoak `pelotazo inmobiliarioa' bilatzen du hala», adierazi dute. Alta, proiektuaren errentagarritasun soziala eta sortuko dituen enplegu kopuruaren datuak sinesgarritasunik ez dutela gogora ekarri dute: «Proiektu honen irabaziak agente ekonomiko pribatu batzuekin baino ez du zerikusirik», salatu zuten.

Portu Agintaritzak zabaldu berri duen bideoak propaganda egitea duela helburu argitu zuten; izan ere, «ingurumen tramitazioa hasieran baino ez baita agertzen». «Are gehiago, Portu Agintaritzak ez du oraindik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa agindu eta hori egiten lau urte ere eman ditzakete», azaldu zuen.

Atzo, bestalde, Portu Agintaritzako, Foru Aldundiko, Jaizkibiako eta Pasaiako Udaleko ordezkariak La Herrera Iparraldeko pabiloi batzuk eraisten hasi ziren, ingurua berriztatzeko egingo diren jardueren barruan. Ahaldun nagusiak nabarmendu zuen aurrerapausoak ematen ari direla «hirigintza arloko antolamendua eta biziberritzea adosteko, Jaizkibiaren koordinazioaren bidez». La Herreran egingo diren proiektuen gaineko akordioak bide onetik doazela azaldu zuen.

Bestalde, Pasaiako alkate Maider Zigandak adierazi zuen herritarrek izan behar dutela bertan egingo diren hirigintza proiektuak erabaki behar dituztenak. Eta Pasaiako eraberritzea ez dadila kanpo portuaren eraikitzearekin baldintzatu eskatu zuen.

aurreikuspenak

Kanpo portuan, zentral termikoa, biodiesel planta bat, birgasifikatzeko beste bat edota koke planta bat aurreikusten dituztela salatu du Jaizkibel Bizirik-ek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo