GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

LABekin Ipar Euskal Herrian

Duela berrogei urte eta ondoko urteetan ere, ikastolak sortu zituztenek egoera ezagutuko zuten, sentimendu berberak ukanen zituzten, beste eskoletakoek begi ilunez, abere bitxiak balira bezala begiratzen zituztelarik. Ate berriak irekitzen dituztenei ez zaie bidea errazten, aulki goxoetan ederki jarriak daudenei, ideia berrien entzuteko, askatasun uhinetan ibiltzen zaila zaie. Alternatiba zaharkituei lotuak gelditzen dira, itzaltzen diren suen inguruan izoztuak, baina botere zatiei eusten.

Hau baita Maiatzaren Lehenean Baionako karriketan gertatu dena. Aurten ere, sindikatuen arteko harremana oso ona omen zen, hain ona gai izan baitira berriz ere Ipar Euskal Herrian sindikatuetan hirugarren indarra den LAB sindikatua dei bateratutik baztertzeko. CGTko banderolak zioen, «Denak elkarrekin !». Euskadi irratiak ere, eguerdiko berrietan, sindikatuen arteko batasuna agertu zela karriketan! Ai, puntako informazioa! Baina hau ez da gaia. Auzia da urtero oren bat baino gehiago goaitatu behar dugula Baionako geltokiaren aitzinean, frantses sindikatu guztiak pasa daitezen, gu, LABekoak, gure ibilbidearen hasteko, denak pasatu direlarik, hor abiatzen gara. Urtero negoziaketak eramanak izan dira beste sindikatuekin Maiatzaren Leheneko deia denek izenpe dezagun, baina LABek ez omen duela-eta bortizkeriarik salatzen, baztertzen gaituzte eta ez digute hitza hartzen uzten ere manifestaldiaren bukaeran.

Egoera hori urtetan jasan ondoren, LABeko arduradunek beste manera batez jokatzea erabaki zuten. Usaiako tokian elkartu ordez, geltokiaren aitzinean, alegia, San Espirituko zubiaren beste aldean elkartu gara, LABeko banderak gora, jasan behar dugun bazterketa agerian uzteko, denek ikus dezaten sindikatuen buru direnek nola jokatzen duten, horren berri manifestaldian parte hartzen duten guztiek ukan zezaten. Hasieran dena ongi zebilen, beste sindikatuetako partaide edo laguntzaileek begiratzen gintuzten. CGTko batzuek erran ziguten ez ginela ongi ari, gure burua baztertzen genuela eta abar, alegia gu garela egoera horren hobendun, noski, baztertua dena baita beti errudun, baztertzaileak ongi jokatzen baitu, hark baitu arrazoi, indarraren argudio nagusia baita hau egoera guztietan, jakina da! Hau alde batera utziz eta mespretxuzko zenbait ohar eta keinuren ondotik, LABeko kide batzuk manifestaldian sartu dira, toki berean egoteaz asperturik edo, abiatu dira manifestaldian sartuz. Mugimendu horri segituz, denak abiatu gara eta ja zilo bat egin dugu manifan eta aitzina joan gara.

Berrehun metro egin eta gero, gure gibeletik heldu zirenak bidez aldatu zutela ohartu gara. Manifestaldiaren norabidea aldatu zuten gurekin ez segitzearren. Gure artean Ipar Euskal Herriko militante zahar eta gazteak zeuden, denak harrituak, ikusten genuena ezin sinetsiz gelditu gara. Sindikatua, ofiziala, ordezkariak dituena, forma horretan baztertu nahi izateak motibazio itzela eskatzen du. Sindikatu horien buru direnek daukaten motibazioak oso indartsua izan behar du, ezin dugu sinetsi gaur egun dagoen bortizkeriaren mailarengatik hartzen dituztela horrelako jarrerak. Ezin da sinetsi sindikatu horietako militanteak ados direla eman den urrats horretan. Horren froga berehala izan dugu NPAko militanteek pasatzen utzi gaituztelarik. Zilo bat egin dute manifestaldian eta utzi gaituzte pasatzen.

LAB sindikatu abertzale bakarra da Ipar Euskal Herrian, abertzaleek lan munduan antolatzeko eskubidea dugulako, herri gisa eta langile gisa gure eskubideak babesteko nahia dugulako. Frantses sindikatuetako arduradunek ukatzen digute eskubide hau. Badakigu gure borroka ez doala sindikatu horietako militanteen kontra, denek jasaten dugun krisialdia nazioarte mailan antolatutako kapitalismo erraldoi horren ondorioa baita. Baina, abertzaleok aitortzen dugu gure herria maite dugula eta hobesten dugula. Aldiz, frantses sindikatuetako arduradunek ez dute inongo begirada kritikorik oraindik jarraitzen duten sistema zentralistaz eta euskaldunen autodeterminaziorako eskubideen kontra daramaten jarreraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo