GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

Aukera apartari uko egin diogu

Euskal Herrirako arte-eszena zentro nagusia Bilbon kokatuko den ala ez pil-pilean dagoela esatea ez da gauza berria. Azkenean, Alhondigan izango dela ziurtatu digute Udaleko agintariek. Alabaina, honen guztiaren atzetik, aukera apartari uko egin diogula esango nuke

Bilbok azken urteotan, Guggenheimen eraginari esker, izan duen aldaketa nabaria izan dela argi dago, hiri industrial izatetik zerbitzu-hiria izatera pasatu baita. Tamalez, horregatik guztiagatik, horren eraginaren mamia hiria behin ikusita ez omen da izan komenigarriena. Hala ere, geure buruari egin beharko genioke galdera, zein ote den ordaindu behar izan dugun prezioa eta zergatik.

Une aproposena zen etorkizunari begiratzeko eta amets zoragarria betetzeko: Bilbo Europako hiriburu kulturala izateko, hain zuzen. Baina zertan datza galdutako aukera hori? eman dezagun Guggenheim, Euskalduna jauregia eta Deustuko Unibertsitateko liburutegiaren artean, (hots, Abandoibarran) arte eszenarako zentro harrigarria kokatzeko aukera izatea. Kultura aldetik Bilbo erakargarria egiteko aukera aparta izango litzateke. Apustua, zuzena, baina, gerokoari begiratzen egingo genuke.

Haatik, ametsa baino ez da izan, aurkakoa egin baita. Merkataritza gunea bultzatzearen aldeko apustu garbia egin dute (Zubiarte delakoa) bai arkitektura bai ekonomia ikuspuntutik, porrot ederra izandakoa. Halaber, luxu handiko hainbat etxebizitza eta sekulako etxe-orratzak, baita eraikuntza gehiago, batik bat bulegotarako. Azkenean, gure agintariek erabaki dute ekonomiaren alde egitea, azpijokoaren bitartez, eta horrek espekulazioa baino ez dakar. Baina ba al du etorkizunik? Nik ezetz esango nuke.

Azken boladan ikusi egin da kontsumorako gizartearekin geroko beltza datorkigula. Gainera, gure artean, negozioak egiteko lurralde publikoa erabiltzea ekimen pribatuaren mesederako bilakatu da usu. Horixe izan baita Abandoibarran egin dena, guztion diruarekin bakar batzuentzat onuragarri egitea. Bitartean, inork ez du ezer egin eta gure etorkizunari dagokionez gure agintariek hipotekatu gaituztela, argi eta garbi esan beharko genuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo