«Iparraldeko ekonomia anitza da eta hori nolabaiteko babesa da krisiaren aitzinean»
Badira 5-6 urte lan alimalea hartu zuen bere gain Sarako irakasle honek. Gaindegia-ren eskutik, euskal lurraldeen benetako mapa irudikatzeari ekin zion, horri begirako estatistika ariketa azkarra burutu zuelarik. Ahoz aho dabilen krisiaz mintzatu gara soziologia eta ekonomia gaietako aditu honekin. Alta, Iparraldeko biztanleek aitzina egiteko dituzten baliabideak aztertu ditugu bereziki.
Maite UBIRIA |
Alphacan, Novatrans, Emac, Sagem... gero eta industria gehiago agertzen dira Ipar Euskal Herriko krisiaren mapan. Menpe- kotasun handia duten alorretan pairatzen ari dira kalte handienak. Hala, langabezia etengabe hazten ari da autoen edo hegazkinen horniketa alorrean jarduten duten lantegietan. Ipar Euskal Herriko ekonomia sakonki aztertu duen Mariluzek irudi ilun horretan argi izpi batzuk agerrarazi nahi ditu.
Nola hartu zenuen Iparraldearen erradiografia egiteko lana?
Hemen Elkarteko kide izanik, betidanik behatu diot arreta bereziarekin hemengo azpiegitura ekonomikoari. Bi jarduera horiek uztarturik, hau da, soziologia eta ekonomia irakasle-lana eta aipaturiko elkarteak egiten dituen garapen ekonomikoari buruzko azterketak, Gaindegiak, Euskal Herriko behatokiak, eginiko ikerlan horretan parte hartu nuen.
Oztopo anitz atzeman al zenuen datu bilketari ekiteko?
Justuki lehen traba da Ipar Euskal Herria ez dela existitzen. Estatistika ikuspuntu batetik mintzatuz horrek arazo anitz sor- tzen du. Badira erakunde batzuk, badira elkarteak... baina beti ere datu partzialak eskuratzen ditugu. Bestalde, gehienetan hemengo aktibitatea testuinguru zabalago batean sartzen dute, departamenduan edo Akitaniako Eskualdean, eta horrek nolabait gure errealitatea desitxuratzen du.
Oinarrizko oztopo horiek aintzat harturik, ikerketa posible al da?
Artisau lana egin dugu arlo horretan, orain dela bospasei urte aipatzen duzun ikerlan hori abiatu arte. Herrika, kantonamenduka datuak bildu genituen. Bestalde, lehen azaltzen nuenez, elkargoek, departamendu zein Akitania eskualdeko zerbitzuek datuak badituzte. Datuak ez dira falta. Hutsune nagusia hauxe da: Iparraldeko eremua ez dela bere osotasunean aintzat hartzen. Hiru lurraldeetako datuak atzematea biziki zaila da.
Oztopoak oztopo Iparraldeko potreta margotu zenuten.
Iparraldeko mapa zehatz bat egin genuela esaten ez nintzateke ausartuko. Finean, aipatu dugun estatistika gabeziak ikerlariek sobera maite ez dugun huts maila hori handitzen baitu. Alta, argazki orokor nahiko fidagarria osatu genuen. Hipotesiak landu genituen, gure eguneroko errealitatea hobeto irudikatzeko hurbilketa azkar bat eginez.
Ondo iruditzen bazaizu, azter ditzagun argazki horren xehetasunak. Ipar Euskal Herriak eskaintzen duen erretratu ekonomikoa nolakoa da?
Behin eta berriz nabarmendu behar dugu beste eremu barruan sarturik, departamendua edo eskualdea izan, gure jarduera desagerrarazten dela. Adibidez, ardogintza gora doan jarduera da, bereziki Nafarroa Beherean. Alta, Bordeleko eskualdea oso indartsua izaki, nola markatuko da, bada, Irulegiko ardo ekoizpena? Bestalde, laborantza arloan lur eredua oso bestelakoa da Biarnon edo Euskal Herrian. Bereizketa horiek kontuan hartzen ez baditugu, biziki zaila da diagnosi zehatz bat egitea.
Egungo krisi egoerari erreparatu aitzin, komeni al da hemengo sare ekonomikoaren ezaugarriak zehatz-mehatz ezagutzea?
Egitura ekonomikoari behatzen ez badiogu, tronpatzeko aukera anitz ditugu. Finean, gainean dugun krisi ekonomikoa finantza munduan hasi eta esportazio jardueran izanen ditu eragin txarrenak, oraingoz. Hots, askoz eragin latzagoa da, enplegu mailan, demagun Gipuzkoakoa, Nafarroa Beherekoa baino. Azken lurralde honetan sortu diren nekazaritzako elikagaien enpresek enplegua sortzen dute beti.
Justuki Iparraldean dagoen jarduera ekonomikoa ez da sektore bakar batean oinarritzen, askotarikoa da. Horrek babesa ematen du krisiaren aitzinean.
Hala ere, «economie residentielle» horrek itzal handia du.
Horretan ere azpi-arloak bereiztu behar ditugu. Dena ez da eraikuntza eta turismoa; nahiz eta ezin den ukatu jarduera horiek hartzen dutela pisua. Etxebizitzaren edo biztanlearen «inplantazio»aren inguruan sor- tzen dira jarduera anitz. Horretan sartuko lirateke, besteak beste, merkataritza edo herritarrei zuzenduriko zerbitzuak.
Bizilekua ardatz nagusi duen jarduera ekonomiko horrek ez al du desoreka handia sortzen lurraldeen artean?
Bai eta ez. Turismoak garapen azkarra bizi du Xiberoan. Biztanleriak ongi hartzen duen mendi turismoa aitzina doa. Bertoko ekoizpenarekin lotua da, energia garbiekin... Etxebizitza, eraikuntza ekologikoa ere gora egiten ari da. Oraino tipiak diren aktibitate horiek hedatuz gero, seguru aski geroak bestelako irudia emanen digu.
Eraikuntza arloan desmasiak izan direla ezin ukatu.
Bistan da. Azken hamarkadan neurri gabeko hazkundea izan da arlo horretan. Beti ez da ondo arautu eraikuntza arloa, eta herri eta eskualde askotan soziologikoki funtsezko aldaketak eman daitezkeela gaineratuko nuke. Herriko Etxeek lur eremu komunalak hartu eta auzo berriak sortu dituzte, adibidez...
Ikuspuntu sozial batetik eraikuntza arloan luzaro gertatu den hazkunde handi horrek ez du herritar askoren arazo konpondu. Ene ustez, krisi ekonomiko orokorra gainditzeko bidean, ikuspuntu soziala indartu behar da, geroari begira garapen ekonomikoak benetako aitzinamendu soziala ekar dezan.
Zerbitzuen arloak garrantzi handia du Iparraldean. Alta, zerbitzu publiko anitz arriskuan dira. CCI, CAF, Lan Auzitegia, Posta... eramaten dituzte.
Zerbitzu arloa anitza da oso. Jendearendako zerbitzuak direla-eta, erran behar da eskaera gero eta handiagoa dagoela. Enplegua sortzen duen sektorea da. Beste kontu bat da zer enplegu mota. Egun, gizarte zerbitzuetan sortzen den enpleguak ez dauka behar lukeen kalitatea. Prekarietate handia dago eta soldatak apalak dira. Zerbitzu publikoei dagokienez, nabarmendu nahi nuke garapen orokorrari begira murrizketa horrek dakarren galera.
Zeintzuk dira ondorio latzenak?
Herritarrek hurbil diren zerbitzuak behar dituzte. Horien desagerpena kaltegarria da. Hala eta guztiz ere, beste ondorioak ere badira. Oro har, eta beste sektoreekin konparatuz, zerbitzu publikoetan soldatak onak dira eta lan baldintzak duinak. Erakunde horiek eramaten badituzte, enplegu kalitate maila apalduko da. Jakin behar da Estatu frantziarrarekin alderatuta, hemengo lansariak tipiagoak direla jadanik. Hots, koadroak desagertzen badira, geroari begira galtzaile aterako gara.
Enpleguaren galera da, finean, krisi honek duen aurpegi ilunena... Arlo horretan ere datuak eskuratzea ez da erraza...
Departamendu mailan zabaltzen dituzte gehienbat datuak. Horretan ere berezitasunak baditugula ekarri behar da gogora. Iparraldean ez dugu hazkunde ekonomiko azkarra izan... horrenbestez, krisi bortitza ere ez genuke ezagutu beharko. Azken hogei urteetan langabezia maila %20tik %9ra jaitsi da, gutxi gorabehera, Hego Euskal Herrian. Iparraldea, ostera, onenetarikoan langabezia tasa %8koa da, aro txarrenetan %10era igotzen da. Aldaketa bortitzik ez.
Baina Frantzia mailako estatistika gailentzen denez...
Inpresioa desitxuratua dugu. Laborantza arloan, laborari gazteen inplantazio maila hazten ari da. Hemen, Biarnon baino etxalde gehiago transmititzen direlarik, nahiz eta asko galtzen diren oraino. Industria esportatzailean ere enplegua galtzen da, Baionan eta Maulen, bereziki. Alta, oro har, aitzina egiteko baliabide azkarrak baditugu: aniztasuna eta kalitatea funtsezkoak dira. Baita hutsune bat ere: Hegoaldea merkatu naturaltzat hartuko lukeen egitura, erakunde markoa, behar da Iparraldean.