GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Alpinismoa Pou anaiak

Hogei eguneko jarduerak Argentinako pareta ezezagunetan

Eneko eta Iker Pou anaiak Argentinako Chañi mendilerroan izan dira. Oso bisita gutxi dituen inguru horretan lau bide zabaldu dituzte. Chañi Chicoko hego paretakoa izan da garrantzitsuena.

p044_f01_4034.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Argentinara joan aurretik, Eneko eta Iker anaiek iragarri zuten oso ezezaguna den mendilerro batean jardutera zihoazela: Chañi mendilerroan. Hilabete baino gutxiago egin dute inguru haietan, eta, eskalatzaile gasteiztarrek adierazi duten bezala, guztira lau bide berri zabaldu dituzte.

Berez, aurreratu zuten legez, Chañi Chico mendiko (5.570 m) hego pareta jarri zuten helburu nagusitzat. Jakina, erronka garrantzitsuenari ekin aurretik, Pou anaiek hainbat saio egin zituzten eskalatzen, beren sasoia egokitu ahal izateko.

Gainera, eguraldiak ez die lagundu; izan ere, eskalatzaile arabarren asmoa soilik harkaitzean eskalatzea zen. Hots, katu-oinekin. Baina, izan dituzten elurteen ondorioz, horien ordez kranpoiak eta pioletak hartu behar izan dituzte.

Chañi Chicora sartu aurretik, hiru eskalada saio egin zituzten. Arestian aipatu dugun bezala, alderdi horrek oso bisita gutxi jasotzen ditu, eta, horrela bada, aukera ezin hobeak izan dituzte marra berriak sortzeko.

Lehen bideari «Pachamama» deitu diote, eta Morro Von Rosenen (5.450 m) dago: 5+/6a, 1.000 metro. Bigarrena, Aguja Negran (5.250 m) izan da: «Vitoria-Gasteiz» (80º, 550 m). Eta hirugarrena, Punta Ibañezen (5.896 m): «Gure etxea» (60º, 850 metro).

Helburu nagusia

Hiru bide horiek egin ondoren, Pou anaiak helburu nagusira abiatu ziren: Chañi Chicoko hego paretara.

16 orduko jardueran, «Marcados por el Chañi» bidea poltsikoratu zuten. Guztira, 13 luze egin zituzten. Zailtasun teknikoei dagokienez, izotzezko hainbat luzetan, gehienez, 85ºko aldatsak gainditu behar izan zituzten. Tarte mistoei ere aurre egin behar izan zieten (M5).

Behin bide berri hau eginda, Gasteizko anaiek adierazi dute bide bikaina eskalatu zutela: «Zabaldu dugun bide berri hau oso teknikoa, arriskutsua, jarraitua eta garaiera handian eskalatzen dena da. Inolako zalantzarik gabe, inoiz eskalatu dugun izotzezko zein mistoko bide onena izan da. Hitz batean esanda: bikaina».

Arabarren azken ekintza izan da 600 metroko marra hau. Arestian aipatu dugun bezala, 2o eguneko jarduera izan da, eta guztira, inguru ezezagun batean, 4 bide zabaldu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo