AEBetako telebista kateetan irainak esateak zigorra izango du
Auzitegi Gorenak Ameriketako Estatu Batuetako telebistetan esaten diren irainak zigortzeko legea onartu berri du. Orain arte hitz desegokiak behin eta berriz errepikatuz gero esku hartzen zuen; hemendik aurrera, ordea, irain bat esanez gero, zuzenean jo lezake katearen aurka.
GARA | WASHINGTON
Bederatzi epailetik bosten oniritziarekin, AEBetako Auzitegi Gorenak hemendik aurrera bertako telebistetan zuzeneko emanaldietan zabaltzen diren irainen aurrean neurriak hartzea baimenduko dio Komunikazioen arloa arautzen duen Erakunde Federalari (FCC).
Modu honetan, araua betetzen ez duten telebista kateek eta irratiek zigor ekonomikoa jasoko dute. Halere, kable bidezko telebistak ez dira kaltetuak izango.
«Gurasoei lasaitasuna ematen dien erabakia da, euren umeak beti babestuta izango direlako», adierazi zuen Michael Coppsek, FCCko presidenteordeak.
Orain gutxi arte, arauak -1978an Gorte Gorenak ere bultzatu zuena, baina onartu ez zena- soilik irainak errepikatuak zirenean zigortzeko eskatzen zuen. 2003an, baina, Bushen Gobernuak hartutako neurri zorrotzen harira, arau hori berrikusten hasi zen Erakundea, 2002ko Billboard Music Awardsetan eta 2003ko Urrezko Globoetan izandako gertakariengatik. Lehenengoan, Cher eta Paris Hilton izan ziren protagonistak. Bigarrengoan U2ko abeslari Bono eta «Fucking brilliant!» esaldia.
Orduz geroztik, telebista kateei zigor ekonomikoak jartzen hasi zen FCC, nahiz eta zuzenekoetan adierazitakoak izanik eurentzat kontrolaezinak izan. Horregatik, erabakiaren aurka jo zuten. 2007an irabazi egin zuten, baina helegitearen prozesuan Auzitegi Gorenak FCCren iritzia aintzat hartzearen aldeko hautua egin zuen.
Erabakiaren ondoren, Konstituzio amerikarreko lehen puntuaren, adierazpen askatasunaren gaineko auzia irekita dago
1978an AEBetako botere judizialak hitz iraingarriak botatzea desegokia zela adierazi zuen. Irratsaio batean zazpi hitz itsusi (kaka, txiza, larrua jo, alu, tentel, kabroi eta titi) esan ondoren egin zuten publiko iritzia.