GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Orain da unea

Aurtengo Maiatzaren Lehenean bereziki egon da kalera irten, langileen artean egon eta indarra erakusteko grina. Eta egon da helduen zein gazteen artean, gizon zein emakumeen artean, eskarmentu handiko zein hasiberrien artean. Maiatzaren 21erako sindikatuek deitutako greba orokorra izan du protagonista. Eta egun horretan, indarra bikoiztu egingo dugulakoan nago, bai, antolatu, egin eta borroka dezagun.

Krisi-egoera honek zerbait ona badu, horixe delako: sindikalismoaren beharra are gehiago nabarmenarazten duela, langileriaren antolakuntzak orain duela «urrezko aukera» berebiziko bultzada hartzeko eta porrot egin duen sistema kapitalistaren aurrean jendea ezkerreko baloreetara erakartzeko. Krisia jendetza jotzen ari baita, eta iraultzarako hazia ereiten ari delako ustea ez dago batere desbideratuta. Nahi eta sinetsi behar, eta beharra norberaren bizitzan sentitu. Banakotik taldera hedatu. Eta ekin. Gizarte aldaketak, bestela, hitz multzoa besterik ez izaten jarraituko du.

Langabeziaren inguruko datuak badakizkigu, euskal familia langabeen kopuruarena -kide guztiak langabezian, alegia-, baldintza okerrenak eta diskriminazioa jasaten lehenak zeintzuk diren -emakumeak eta gazteak buruan- eta honen guztiaren aurrean, enpresarien eta finantza-merkatuen jarrera: lan-merkatuaren malgutasuna, hau da, kontratatu eta lanetik bota nahi adina, edozein modutan, ondoren eskubide sozialak murriztu eta, azkenik, soldatak jaitsi.

Ondorioz, lana edukita ere, «langile pobre» gehiago. Nire lagun Yolanda, esaterako. Lan-eskasiarik ia ezagutu ez duen euskal eskualde bateko 32 urteko emakumea. Soldata duina, bikote gabea eta aske izateko nahia. Herrian etxea erosi, mailegua duela lau urte ordaintzen hasi eta etxeko giltzak jasotzeko garaian, krisia dela-eta, lanean lanordu gutxiago, soldata murrizketa, aparteko saririk ez eta azkenean ez bada langabezian geratzen, pozik. Beraz, etxerik gabe geratzeko eta orain arte bankuari eman dion dirutza galtzeko arrisku serioa. Eta barruan amorru bizia, noski.

Milaka kasu izan litezke adibide, milaka izen propio lerro hauetan. Nik hau dakarkizuet hainbat arrazoirengatik: lehenik, gizarte aldaketa, benetako aldaketa nahi bada, emakumeon borrokak ezin duelako bigarren mailakoa izan, inolako alderditan, baina bereziki lan-munduarekin lotutakoan, bizitzeko eta burujabe izateko bitartekoak ematen dizkigun heinean; emakumeon errealitatea zein den ikusita konponbide bila gabiltzala kale egiten badugu zentzu honetan, ezingo dugu gizarte aldaketaz hitz egin. Bestetik, orain arte «salbu» sentitu eta ezegonkortasun-sentsazioa hazten ari zaionaren eredu bikaina baita, sistema kolokan jartzen hasi dena, politikariek eta enpresariek egiten dutenaren inguruan hausnartzen, galdetzen, kargu hartzen. Errealitateaz, ondokoenaz ere, gehiago jabetzen.

Yolanda bezalako zenbat eta zenbat gauden aintzat hartuta, energia hori guztia iraultza sozial bihurtzeko modua aurkitu beharra daukagu. Jendea horra erakarri. Erakarri, antolatu eta sinetsi. Agian ez dugu-eta horretarako une aproposagorik izango. Erakuts dezagun maiatzaren 21ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo