GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Hizkuntza eskubideen eguna

Euskaraz bizitzeko hautuak elkartuta, erabakitzeko deiadarra zabaldu dute

Euskaraz bizitzeko hautua egin duten ehunka euskaldunen topaleku bilakatu zen atzo Ondarroa. Makina bat herritar, zahar eta gazte, bertaratu ziren kostaldeko herrira Hizkuntza Eskubideen Egunaren seigarren edizioa ospatu eta euren hizkuntzan, euskaraz, bizi ahal izateko hizkuntza politika burujabea aldarrikatzeko.

p013_f02_132x312.jpg

Oihana LLORENTE

Eguzki izpiak lagunduta abiatua zen herrian barrena ibili zen manifestaldia. «Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki» leloa zuen pankartak ireki zuen bidea, atzean adin guztietako ondarroarrak zein kanpotar ugari zituela.

Lamiak, Tartalok eta Basajaunek ere ez zuten hutsik egin, eta han izan ziren beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen. Euren esku erraldoiekin etxeko txikienak harrapatzen ahalegindu ziren, batzuen gozamenerako eta besteen izurako, ez baitziren gutxi izan bidean zehar eragindako algarak eta negarrak.

«Euskara, hizkuntza ofiziala» bezalako oihuek oihartzuna izan zuten atzo Bizkaiko itsasertzean, «Euskal Herrian Euskaraz» zioten banderak lau haizeetara zabaltzen ziren bitartean. Itsasaurre plazara iritsi eta berehala, egin zieten harrera bertsolariek. UEMAko lehendakari Jon Bollar izan zen ekitaldiko lehen hizlaria, eta erakundeak, 18 urteko ibilbidean, jada 58 udalerri bildu dituela ekarri zuen gogora. Herri horiek guztiak «euskararen arnasguneak» direla esan eta udalerri gehiago bereganatuko dituztela ziurtatu zuen.

Herritarrei ere zuzendu zizkien hitzak Bollarrek, eta euren parte-hartzea «ezinbesteko» dela adierazi ondoren, euskararen berreskurapenean herritar bakoitzak erantzukizuna hartu behar duela gaineratu zuen.

Gitarraz eta biolinaz lagundutako poesiak txalo zaparrada eragin zuen entzuleen artean. Hitzen goxotasunetik errealitate gogorrera egin behar izan zuten salto, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak gure hizkuntzak bizi duen zapalkuntza deskribatu zuenean.

Euskaldun askok euskaraz hitz egiteko hautua egina duten arren, «gure hizkuntzak bizi duen menpekotasuna» gaitzetsi eta euskara lehentasun egoera batera igaro behar dela defendatu zuen. Horretarako, ordea, euskaldunek «bertatik bertara erabaki beharreko hizkuntza politika beharrezkoa» dela sostengatu zuen, hizkuntza politika burujabea, hain zuzen ere.

Manifestaldiaz gainera, hamaika ekimen izan ziren atzo Ondarroan. Goiztiarrenek Kresala dantza taldearen emankizuna ikusteko beta izan zuten. Eguerdi partean aldiz, Ondarroako txikienen ahots goxoak entzuteko aukera izan zen, beraiek eskainitako kantaldian. Gurasoak ez ziren, ez, urrun ibili.

Arratsaldean ordea, bostehun lagunek parte hartu zuten herri bazkariaren ondoren, haurrak azkar banatu ziren gurasoengandik eta Txirrimorraski aisialdi taldearekin gogoz disfrutatu zuten, marrazki eta jolas artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo