GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Euskal eskola publiko berriaren» aldeko aldarria egin dute Aian

Gipuzkoako eskola publikoetako ikasle eta guraso ugarik parte hartu zuen atzo Sortzen Ikasbatuaz elkarteak Aian egindako jaialdian. «Eskola parte-hartzailea, integratzailea eta berdintasunean oinarritua» aldarrikatu zuten.

GARA |

Jende ugari bildu zen atzo Gipuzkoako Aia herrian, izan ere, Sortzen Ikasbatuaz elkarteak jai eguna antolatu zuen «euskal eskola publiko berriaren» alde.

Jai honekin, hain zuzen, sare publikoko ikastetxeetako irakasle, guraso, eskola-langile eta ikasleak biltzen dituen Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak euskaratik eta euskal kulturatik abiatuta mundura zabaltzen den eskola aldarrikatu nahi zuen Aian. «Eskola parte-hartzailea, integratzailea eta berdintasunean oinarritua». Halaber, euren ereduarekin bat egiten duten gipuzkoarren arteko harremanak sendotzea ere helburu zuten.

Helburu horiekin programa zabala prestatu zuten Aiako Lardizabal ikastetxearen laguntzarekin.

Goiz partean, Aia inguruan mendi martxa egin zuten ikasle zein gurasoentzako. Ekitaldi nagusia, berriz, eguerdian egin zuten, herriko pilotalekuan. Jaiari amaiera emateko, eta bazkari oparoa egin ostean, erromeria antolatu zuten.

Hilaren 24an, Iruñean

Atzo jai eguna Aian izan bazen, hilaren 24an, Iruñeko Takonera plazan izango da Sortzen Ikasbatuaz elkarteak urtero antolatzen duen jaialdi nazionala.

Aurtengo festaren leloa «Bizi Euskal Eskola» izango da eta Antsoaingo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ezkaba ikastetxea ari da buru-belarri antolakuntza lanetan.

Sortzen Ikasbatuaz elkarteak aldarrikapen ekintzekin uztartuko duten egitarau zabal eta anitza prestatu dute beste behin ere okasiorako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo