Aizkora Urrezko lehiaketa
Beteranoek ez dute ezusterako tarterik uzten
Larretxeak eta Mindegiak berriro ere irabazi egin dituzte beren saioak.
Jon LEUNDA | IDIAZABAL
Binakako Urrezko Aizkorako ligaxka ia erabakita geratu da, eta atzoko saioen ostean, multzo batean ez beste guztietan, jadanik ezagutzen da final-laurdenetan izango diren aizkolarien zerrenda.
Lehen multzoan, Mindegiak lortu zuen atzo lehen postua, eta Jauregi kanpoan geratu zen. Azurmendi geratuko da bigarren, pasa den asteartean Jauregiri irabazi ostean, eta Ezkurrakoa eta Arriarangoa izango dira, beraz, multzo honetan aurrera egingo dutenak.
Atzo Idiazabalen, Mindegiak mendean hartu zuen Jauregi. Nafarrak saio guztiak irabazi zituen, eta zutikako saioan dena erabakita geratu zen, Mielek minutu eta erditik gorako tartea egin baitzion.
Amaieran, lan guztiak bukatzeko, Ezkurrakoak 18 minutu eta 27 segundo behar izan zituen, eta Ilarduiakoak, berriz, 21 minutu eta 41 segundo. Beraz, hementxe amaitu da Jauregirentzat bere ibilbidea, eta aurtengo Urrezko Aizkoran ezusterik handiena eman duen kirolaria izan da bera.
Bigarren multzoan ere dena erabakita geratu da. Atzokoa hasi aurretik garbi zegoen Larretxea eta Lopez sailkatuko zirela, baina lehen postua zegoen jokoan, eta hori Larretxeak lortu zuen atzokoa irabazita. Aurrez, ostiralean Lezaungoak lortu zuen sailkatzea Senosiaini irabazita. Saio polita izan zen, eta azkeneko lanak bitartean ez zen ezer erabaki, baina iraupeneko proban Lopezek alde handia atera zion Olaguekoari, ia bi minutu kendu baitzizkion, eta amaieran horrek dena erabaki zuen. Lan guztiak burutzeko 15 minutu eta 33 segundo behar izan zituen. Senosiainek, berriz, 17 minutu eta 20 segundo behar izan zituen.
Atzokoan multzoko lehen postua zuten jokoan Lezaungoak eta Larretxeak, eta Donatok ez zuen hutsik egin, garaipen erosoa lortu baitzuen. Kolpekakoa Lopezek bereganatu zuen, baina hortik aurrerako guztiak Larretxeak eraman zituen. Saioa zutikako lanean erabaki zen, hor Larretxeak minutu erdia kendu baitzion. Saio honetan izan dira ligaxka honetako denborarik onenak. Larretxeak lan guztiak 12 minutu eta 32 segundotan amaitu zituen, eta Jauregik, berriz, 13 minutu eta 21 segundotan. Multzo honetan, beraz, Senosiain da kanpoan geratu den aizkolaria.
Hirugarren multzoan, saio bat falta da bukatzeko, baina Nazabal eta Atutxa II.a sailkatuta daude, eta beraz, elkarren artean lehiatuko dira lehen postua lortzeko. Herenegun, Atutxak Zubiaga menderatuta lortu zuen sailkatzea. Bizkaitarrak lan bikaina egin zuen, baina arabarra ez zen fin aritu. Denera, 16 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Atutxak, eta Zubiagak, berriz, 17 minutu eta 36 segundo.
Laugarren multzoan dena erabakitzeko dago. Saio bakarra jokatu da, eta hura Arrospidek irabazi zion Rekondori. Datorren larunbatean Leaburukoa Arriarekin neurtuko da, eta igandean, errezildarra Rekondorekin. Nazabalen eta Atutxaren arteko norgehiagoka datorren larunbatean jokatuko da. Datorren asteburua pasata, final-laurdenak nola jokatuko diren erabakita geratuko da.
Urrezko Aizkoran gazteak ere lanean ari dira jo eta su, eta horien artean etorkizun handiko aizkolariak ikusten dira. Atzo Idiazabalen, horietako bi neurtu ziren 19 urtez azpikoetan, Erasun eta Ohian Larretxea, Donatoren semea. Azkenean Erasunek bereganatu zuen saioa, baina horretarako lan handia egin behar izan zuen, nahiz eta Larretxea gazteak azken egunak ohean eman behar izan dituen gripeak jota.
Herenegun bi leitzar aritu ziren elkarren aurka, eta saio eder baten ostean Saralegik irabazi egin zion Olanori. 23 urtez azpikoetan, berriz, Rodriguez II.a segoviarrak Alkizalete II.a menderatu du.