GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Ximun Duhour Avironen ateko zaindaririk seguruena bihurtu da

Ximun Duhourrek mailarik onena erdietsi du berriro ere. Kostatu zaio Avironen leku bat egitea, baina taldearen bolada txarra zela-eta, Alain Pochat entrenatzaileak aukera eman zion, eta ez du alferrik galdu. 620 minutu pasatu ditu golik hartu gabe, nahiz eta ondorenean lau jaso.

p035_f01_16105.jpg

Jon LEUNDA

Ximun Duhourren izena ahoz aho dabil berriro, izan ere, denboraldi bikaina egiten ari da Avirongo atezaina. 620 minutu bete berri ditu gol bat hartu gabe, ia zazpi partida bere ate barrutik baloia atera beharrik gabe. Kostatu zaio baionarren atezain titularra izatea, baina une honetan Lapurdiko hiriburuko taldeko atea zeinek gorde behar duen inork ez du zalantzan jartzen.

Futbolaren alde garratza ederki ezagutu du Kanboko gazteak. Mutikoa zela heldu zen Realera, eta denek Lehen Mailako atezaina izango zela iragartzen zuten. Taldean bertan ere, beste hiru atezain handirekin egin zuen topo, ia denak adin berekoak edo ingurukoak, berarekin aritu baitziren Riesgo, Zubikarai eta Saizar ere.

Gauza guztiak ongi zihoazen, baina Sansen hasi zen bere gurutze-bidea. Avilesen aurkako partida batean belauna apurtu zuen. Gero osatzerakoan arazo batzuk izan zituen, eta urtebete pasatxo egon zen jokatu ezinik. Osatu, eta berriro jokatzen hasi bezain pronto, beste belauna apurtu, eta ia beste urtebete igaro zuen jokatu ezinik. Guztira, hiru urtean ia ezin izan zuen jokatu.

Erabat osatu zenean, Eibarrera joan zen, eta han hilabete batzuk pasa ostean, Realera itzuli zen Sanseko atea gordetzeko. Lehen taldearekin ere behin baino gehiagotan joan zen. Orain dela bi denboraldi donostiarrekin denboraldiaurrea egin ostean, taldea uztea erabaki zuen eta Baionara joan zen. Avironen, ordea, pasa den otsailera arte ez zen titularra izan. Lehen taldean ordezkoa, edo bigarren taldean titular, horrela aritu da, orain dela bi hilabete aukera heldu zen arte.

«Egia esan, ni Baionan beti egon naiz oso gustura, ez daukat inongo kexarik. Jokatzen ez duzunean lanean jarraitu behar da, pazientzi handia izan behar da, lesioek hori erakutsi didate, eta azkenean heldu da aukera», azaltzen du Ximunek berak. Orain, gozatzea egokitzen zaio: «Nik futbolean beti gozatu izan dut, hori garbi daukat. Orain, une oso gozoak dira niretzat, baina lanean jarraitu behar da», onartzen du.

Bera jokatzen hasi, eta taldeak gorako bidea hartzea, dena bat izan da. Baionan, izar bat bihurtzen ere hasita dago, baina berak ez du bere burua halakotzat hartzen. «Hemen ez dago izarrik, denak gara langileak, eta lanean ari gara Avironek heldu den urtean N1 Mailan jarraitzeko», aitortzen du.

Bere lan onak, ordea, izango du jarraipena beste talde batzuetan ere, baina Duhourrek oraingoz Aviron bakarrik dauka buruan: «Futbola bizitza bezalakoa da, ezin duzu esan zer ez duzun egingo, edo zer egingo duzun, baina une honetan Aviron baino ez daukat buruan. Mailari eustea da gure erronka, eta horretan saiatu behar dugu, ez daukat beste ezer buruan. Ni Baionan gustura nago, eta denontzat oso garrantzitsua da Aviron dagoen lekuan uztea», esaten du.

Baionan gustura egoteaz gain, N1 Mailan ere pozik ari da, bere ustez oso maila ona delako: «Hau Estatu espainoleko Ligarekin konparatuta, Bigarren B Maila baino zertxobait hobea da. Gero, Estatu frantsesean maila batetik bestera aldeak txikiak dira, eta une honetan baditugu gure mailan orain dela urte gutxi Lehen Mailan ari ziren talde batzuk ere. Zelaiak oso onak dira, jende asko doa ikustera, eta partida oso onak ikusten dira, oso maila polita da», argitu du.

Zuri-urdinak bolada oso onean ari dira une honetan, eta jaitsiera sei puntura dute. Hala ere, kanboarrak garbi dauka oraindik lanean jarraitu behar dela: «Maila segurtatu baino lehen ezin da ezer esan. Orain sei puntu aurretik gaude, baina beheko zuloan ere ez gara egon zaharrak. Beraz, dena erabaki bitartean ezin dugu garaipenik ospatu». Izan ere, Ximunen ametsetako bat taldea oraindik eta gorago ikustea da: «Lehenengo, maila honi tamaina ongi hartu behar diogu, eta gero agian gorago begiratu. Hemen errugbiarekin ari gara lehian, baina futbola ere oso maitatua da hemen, gazte asko dabil gure kirol honetan, Aviron dagoen mailan ez da talderik egon oraintsu arte, eta hori nabaritu da, baina garbi dago zenbat eta gorago hobe dela, nahiz eta lehen-lehenik N1 mailari eustea izan behar duen helburu nagusia», eransten du atezain lapurtarrak.

Garbi dago Ximun berriro ere zeresana ematen ari dela, eta ea urte askotan horrela den, oraindik gaztea baita, eta urte asko geratzen baitzaizkio futbolean jokatzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo