Xanti Begiristain Madotz Iruñea
«Oh Happy Day»
Musikazalea naiz eta dezente jarraitu dut programa hau. Aurrera segitu baino lehen, zorionak Errenteriakoei irabazteagatik! Eta Donostia, Bermeo, Trapagaran, Oñati, Basauri, Hernanikoei eta ahaztu ditudanei, animoa, jarrai dezaten lanean orain arte bezain ongi.
Iruzkin batzuk egin nahi ditut programari buruz, oro har. Epaimahaikoen gainean esan nahi dut bukaera aldean ikusi ditudala orekatuagoak eta modu egokiagoan, baina lehenengo programetan aitortu behar dut behin baino gehiagotan harritu nindutela, epaiak eta iritziak esaterakoan ematen baitzuen mehatxuka ari zirela. Baina, esan dudan bezala, bukaera aldean jarrera txukunago batean ikusi ditut.
Eta euskarari buruz zer esanen dugu? Ba, ETB1ek eman duenez gero, dena euskaraz izan da; ezin zen gutxiago espero. Normala izan da. Eta kantak, ordea? Bai, entzun izan dira abestiak euskaraz, baina gutxi eta, gainera, gehienak lehiatik kanpo. Azken asteetan uste dut bakar bat ere ez dela entzun lehiaketa barruan. Eta grabatu behar duten diskoan, oker ez banago, kanta bakarra izanen da euskaraz egonen dena.
Egia esan, horixe da gehien harritu nauena «Oh Happy Day» programan. Alde batetik, musikan adituei askotan entzun diegu Euskal Herria oso aberatsa dela musikagintzan. Arrunt errepertorio on eta handia duela, eta abar, baina, antza denez, programa honetarako ez du balio izan. Hala erakutsi digute behintzat parte hartzaileek.
Beste alde batetik, badakit pertsona batek baino gehiagok esanen didala izan behar dugula irekiak, beste errepertorio batzuk ere kantatu behar ditugula eta, beraz, mundu zabaleko abestiak baliatu behar ditugula, baina horrek ere nahiko sor eta lor utzi nau, zeren eta mundu zabalean 6.000 hizkuntza baino gehiago omen daude oraindik, eta «Oh Happy Day» programan, aldiz, ingelesa eta gaztelania kenduta, oso hizkuntza gutxi entzun dira, lehen esan bezala, banaka batzuk euskaraz eta beste baten bat Afrikako hizkuntzaren batean. Baina horretan ere uste dut gertatu zela xelebrekeriaren bat, hau da, kanta Afrikakoa izan eta, hala ere, leloa ez gainerako guztia ingelesez abestu zutelakoan nago, behin gutxienez.
Antza denez, globalizazio, uniformatze, mundializazio eta unibertsaltasun garai honetan, «Oh Happy Day» programan ere nabaritu da argi eta garbi ingelesaren gailentzea eta inposatzea. Hori ona edo txarra den ez dakit seguru. Suposatzen dut, denak bezala, bere alde positiboa eta negatiboa izanen dituela, baina nik gauza bat bai esan dezakedala ziurtasun osoz, alegia, programa honetan euskararen gose eta egarri gelditu naizela. Aurrera begira, antolatzaileei eta parte hartzaileei eskatuko nieke gogoeta txiki bat egiteko honen inguruan, azken batean denok dakigu euskara hizkuntza gutxitu bat dela bere etxean eta horrexegatik, hain zuzen ere, plusen bat eman beharko zaio, bere egoera pixka bat orekatzea nahi baldin badugu behinik behin. Ideia bat: kanpoko abestiak euskaratzeko posibilitatea ere hortxe dago beti. Antzeko zerbait hizkuntza boteretsu guztiek egiten dute. Lan gehiago dela? Badakit. Hor, beharbada, ETBk jar lezake itzulpen zerbitzuren bat. Edo ideia hobeak sortzen badira, hainbat hobeki.
Dena den, eta bukatzeko, animatu nahi ditut inplikatutako guztiak jarraitzera eta hobetzen saiatzera.