GARA > Idatzia > > Mundua

Ricardo Martinelli eskuindarra izango da Panamako presidente berria

Igandeko hauteskundeetan ordura arte agintean zegoen PRD alderdiaren aurrean garaipena lortu ondoren, Ricardo Martinelli milionario eskuindarra izango da Panamako presidentea datozen bost urteotarako, bozen %59 bereganatu baitzuen.

p021_f01_148x108.jpg

GARA |

Eskuineko oposizioko Ricardo Martinelli milionarioa nagusitu da igandean Panaman egin ziren Presidentetzarako hauteskundeetan. Hauteskunde Batzordeko presidente Erasmo Pinillak azaldu zuenez, Martinellik bozen %59 lortu zuen. «Ondorioz, erabateko garaipena lortu du», esan zuen Pinillak.

Igandean bozkatzeko eskubidea zuten 2,2 milioi panamarrek, bai parlamentariak bai presidentea hautatu behar zituzten.

Aldaketaren aldeko Ituna alderdiko burua da Martinelli, eta bost urtez Presidentetzan izan den PRD alderdiko Martin Torrijos sozialdemokrataren ondoren, eskuinera lerratzeko premia izan da bere kanpainaren ideia nagusia.

Martinellik 57 urte ditu eta supermerkatu kate baten jabea da Panaman. Herrialdeko aberastasuna gaizki banatuta dagoela nabarmendu izan du hautagai eskuindarrak, eta 2007an Kanala handitzeko hasi ziren obrak ez direla guztien mesederako izan.

2009an ekonomia %3tik %5era haztea espero bada ere, Panamako biztanleriaren %28,6 txiroa da eta %11,7 oso txiroa.

Aldez aurretik egindako inkestek Martinelli aipatzen zuten faborito, Balbina Herrera hautagai sozialdemokratari alde handia ateraz.

PRD alderdiko kideek Martinelliren garaipena onartu, eta aukera hori aspalditik zutela buruan gaineratu zuten. Herreraren kanpainaren arduradun Hugo Torrijosek esan zuen «emaitzen gainetik, hauteskunde hauetan ez da ez Gobernuaren ez Herreraren porrotik izan».

«Panamarrek aldaketa politikoaren alde egin dute eta hori demokraziarentzako eta gu guztiontzako egokia da», adierazi zuen Hugo Torrijosek.

Dena den, PRDren barnean «ongi egin ez ditugun gauzak zein diren aztertu beharko dugula» onartu zuen Hugo Torrijosek. «Baina ez dut uste aurkeztu dugun hautagaia denik jasan dugun porrotaren arrazoia», gaineratu zuen.

Honekin batera, PRDk oposizioan gogotsu lan egiteko asmoa duela aurreratu zuen Hugo Torrijosek. «Martinellik promesa asko egin ditu, eta irabaziz gero herriaren arazoez arduratuko zela agindu du; ikusiko dugu egia den ala ez», esan zuen. «PRDren barnean ez dago zatiketarik», gaineratu zuen, Herrera hautagai izendatzeko izandako eztabaidak «gaindituta daudela» gaineratuz.

hauteskundeak

Igandean Panaman izan ziren hauteskundetan, Errepublikako presidente berriarekin batera, 75 alkate, 71 diputatu eta 630 zinegotzi aukeratu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo