Datuak aurreikuspenak baino okerragoak beti
Europar Batasunak krisi ekonomikoa uste baino larriagoa dela onartu zuen atzo; hala ere, datorren urterako susperraldia aurreikusten du. Ez da kontu berria, berri txarrari ustezko berri on batek jarraitzea. Joaquin Almunia Ekonomia komisarioak aurkeztu zituen aurreikuspenen arabera, aurten euroguneko ekonomiak %4 jaitsiko da, eta datorren urtean %0,1. Duela lau hilabete egindako aurreikuspenek zioten euroguneko BPG aurten %1,9 jaitsi eta 2010ean %0,4 haziko zela. Baina datu kaskarrak baikortasunez hartu behar dira eta halaxe aurkeztu zituen Almuniak atzo, egonkortze zantzuak ikusi dituztela esanez, eta dagoeneko EBko ekonomia ez doala «amildegian behean». Amildegian behera zihoan euroguneko ekonomia, ala? Galdera hori etorriko zaio gogora hainbati; izan ere, noiz entzun diogu Almuniari edo EBeko beste arduradun ekonomikoren bati ekonomia egoera horretan zegoela esatea? Komenigarria da gogoraraztea AEBetan hipoteken krisia hasi zenetik herritarrei aurkeztu dizkieten aurreikuspenak: hasieran ez zegoen krisia Europara iristeko arriskurik, ondoren ekonomiaren moteltzea besterik ez zen, orain utzi omen dio amildegian erortzeari, eta datorren urterako susperraldia iragarri dute. Behin ere ez dute asmatu eta nahita edo nahi gabe datu okerrak eman izan dituzte aldi oro. Aurrekari horiek kontuan izanda, sinesgarritasuna ekonomiaren pare dute.