Eskubideen errespetuarekin bateragarria ez den zentzugabekeria baten ondorio deitoragarriak
Asteazken eta ostegunean atxilotutako lagunek egoera berean segitzen dute. Ebazpenik izan gabe ustez ezin gerta zitekeen egoera da; hala ere, Estatu espainolean gerta daitekeena. Atxilotuen abokatuek salatutako irregulartasunen gaineko bista, atzo egitekoa zena, gaurko atzeratu zuten. Badirudi auzipetu horiek ihes egiteko beldur direla, adineko jendea izanda, batzuk gaixorik, are ospitalean, egonda. Tristea da, auzipetu horiei emandako tratua dela-eta, baina barregarria ere bada, hura justifikatu nahi duen argudio gisa. Izan ere, egoera hori zentzugabekeria baten testuinguruan kokatu behar da, burutik burura zentzugabeko prozesua izan baita, bultzada politiko nabarmenak gidatu eta ideiak zigortzea argudio juridikoz janzteko saioa. Saio zapuztua, inondik ere, baina hainbat laguni kalte atzeraezina ekarri diena: Auzitegi Nazionalak lagun horiek atxilotzeko autoan aitortu zuen ez zekiela zenbateko zigorra ezarriko dieten, baina atxilotzea erabaki zuen. Bederatzi auzipetu absolbitu egin dituzte, haietako batzuk zenbait kartzela urte bete ondoren. Horiek horrela, prozesu horretan eskubideen errespetua, berme juridikoak eta gisako kontzeptuak gustu txarreko txantxa baino ez dira.