Gonzalez de Txabarrik 100.000 euro gastatu izanak «ez dauka inolako garrantzirik» Foru Aldundiarentzat
GARA |
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik, kargua utzi aurreko sei hileetan diru publikotik 100.000 euro baino gehiago -kasik 17 milioi pezeta- janari, lunch eta oparietan xahutu izanak «ez dauka inolako garrantzirik ikerketa abiatzeko» Foru Aldundiarentzat. Gainera, ez zuten ez baieztatu, ezta ezeztatu ere GARAk otsailaren 28an argitaratu zuen informazioa, hori euren lana ez dela argudiatuz.
Atzo, lurraldeko Batzar Nagusietan, Aralarreko Rebeka Ubera batzarkideak 100.000 euro horien gainean egin zituen galderei ere ez zien zuzenean erantzun nahi izan Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko foru diputatu Edurne Egañak. Datu horiek «artxiboren batean» egongo direla esan zuen Egañak, baina hori euren «ardura» ez dela argudiatuz, halako informazioa eskuratzeko eskuduntzarik ez duela gaineratu zuen.
Gastuak, Aldundiaren kontu
Gogora ekarri behar da, 2006ko urriaren 18tik -egun horretantxe jakin zuen ez zela bera izango ahaldun nagusirako EAJren hautagaia- 2007ko uztaila bitartean -Gipuzkoako ahaldun nagusi izateari utzi zion egunera arte-, Gipuzkoako Aldundiaren kontuei 100.597 eurotako gastua gehitu ziela Gonzalez de Txabarrik. Gastu esanguratsu horiek, gainera, janari, lunch, opari eta halakoetan xahutu zituen politikari zarauztarrak.
Horrelako jokamoldeak legez kanpokoak ez izan arren, Aralar taldeak gaia Batzar Nagusietara eraman zuen eta atzoko saioan ere horrelako jokamoldeak «neurtuak» egon beharko liratekeela defendatu zuen; are gehiago, «krisi garaiotan».
Egungo gobernuaren politika «esturan oinarritzen dela» erantzun zuen diputatuak, baina Gonzalez de Txabarrik 23.807 euroko luncha eman izana, edo, besteren artean, 10.725 euro zetazko zapietan gastatu izanak ez daukala «inolako garrantzirik».