GARA > Idatzia > > Euskal Herria

EHUko ikertzaile talde bat bareak erabiltzen ari da lurzoruaren egoera neurtzeko

EHUko ikertzaile talde bat meatzeguneetan bizi diren bareak erabiltzen ari da lurzoruaren egoera neurtzeko. Kutsadura handiko lekuetan bizi diren animaliek garatzen dituzten egokitzapenak aztertuko dituzte.

p018_01.jpg

GARA |

Meatzeguneetan bizi diren bareak dira Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia fakultateko talde baten ikerketaren protagonistak. Ikerketa horretan bareak erabiltzen dituzte lurzoruaren osasunaren neurgailu gisa. Lan horren helburua da eremu kutsatuetan bizi diren animaliek zer-nolako egokitzapenak garatzen dituzten ezagutzea, eta egokitzapen horiek geneetan duten eragina argitzea.

«Poluzioak bideratzen al du eboluzioa?» galderari erantzun nahi diote ikerlariek eta EHUk prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, oraingoz egin dituzten ikerketen arabera, «badirudi poluzioak aldaketak eragiten dituela DNA mitokondrialean, baina ez DNA zelularrean». Desberdintasun horren zergatiak argitzeko dihardu orain Manuel Soto biologia aditua buru duen ikertzaile talde honek.

«Inguru kutsatuetan bizi diren animaliek garatzen dituzten egokitzapenak ezagutu ahal izateko, bareen hainbat biomarkatzaile aztertu dituzte. Izan ere, meatzeguneetan bizi diren bareek nolabaiteko egokitzapenak izan behar zituztela pentsatzen dute ikerlariek», azaldu du Unibertsitateak.

Galeseko ikerketa abiapuntu

EHUn aurrera eramaten ari diren ikerketa honek Galesen duela hainbat urte egin zen ikerketa batean du abiapuntua. Lan hartan ikertzaileek kobrezko meategi batean eta baso batean bizi ziren bare populazioak alderatu ostean, bi eremuetako animaliek antolakuntza zelular desberdina zutela egiaztatu zuten. «Morfologikoki, egitura osoa antzekoa bazen ere, ingurune kutsatuetan bizi diren animalien digestio-guruineko zelula moten arteko proportzioa erabat ezberdina zen», azaldu du.

Oraingoan berriz, Lanestosako eta Karrantzako meatzeguneetako bareak aztertu dituzte. «Gune horietako lurzoruek metal kontzentrazio altuak dituzte; batez ere burdina, zinka eta beruna dituzte, baina kadmioa eta kromoa ere bai. Hala, ikertzaileek egiaztatu dute animalien zelulak ezberdinak direla, eta orain gune kutsatuetako egokitzapen hori plastikoa edo genetikoa den aztertu nahi dute, eta Belgikako talde batekin elkarlanean ari dira», zehaztu du Unibertsitateak, eta gaineratu du ikerketa amaitzean jakin ahal izango dela «meatzeguneetako bareek bertan bizitzeko ahalmen bereziren bat ematen dien egokitzapenik ba al duten ala ez».

Ikerketan, zizareen eta bareen biomarkatzaileak aztertzen ari dira, haien baitan kutsadurak zer-nolako eragina duen ikusi ahal izateko. Azken batean, lurzoru kutsatu eta ez kutsatuek batzuengan eta besteengan zer motako egokitzapenak eragiten dituzten jakin ahal izatea da helburua. «Animalia horien biomarkatzaileak aztertuz, lurzoruaren osasuna neurtu nahi dute, baina ez kalitatea, honek parametro fisiko-kimikoak baititu bere baitan, eta ez ingurumenaren funtzionalitatea», gogorarazi du Euskal Herriko Unibertsitateak komunikabideei igorritako agirian.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen legediak analisi kimikoen emaitzak bakarrik hartzen ditu lurzoruaren neurgailu gisa, eta ikertzaile talderen asmoa da ondorio biologikoetan oinarritutako legearen interpretazio bat bultzatzea.

kutsadura

Eremu kutsatuetan bizi diren bareen egoera aztertzea da EHUko taldearen ikerketaren helburua, poluzioa jasan behar izateak haien egokitzapenean zerikusirik ote duen jakin ahal izateko.

lurzorua neurtu

Era berean, ikertzaileek lurzoruaren «osasuna» neurtzeko modua aldatu nahi dute; analisi kimikoen emaitzak hartu beharrean, ondorio biologikoetan oinarritutako interpretazioa bultzatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo