GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Koroaren menpeko «Euskadi berria»

Ezin esanguratsuagoa izan zen atzo lehendakari kargua hartzeko ekitaldia. Lehendakari berria herritarren gehiengoak sostengatzen duen lurraldeko -alegia Espainiako- hedabideek «Jaungoikoaren aurrean apalik» formula erabili ez izanaz gainera, «Koroari eta gainontzeko legeei» leialtasuna gordetzea hitz eman zuela nabarmendu dute. Garai berria iragarri nahi zuen sinbologia horrek, baina, estatu estrategiaren baitan errepresio politiko eta judiziala tresna izan dituen pauso erabakigarriaren une gorena adierazten du. PSEko eledun Jose Antonio Pastorrek bestela adierazi zuen, atzoko ekitaldiak «Euskadin eta Espainia osoan trantsizio demokratikoa amaitutzat» eman zuela esanez. «Demokraziaren kontra bada ere», gaineratu liteke. Atzoko sinbologiak ondo islatu zuen estrategia horren araberako «Euskadi» hori, bandera espainolaren itzalpekoa, Guardia Zibilaren eta Polizia espainiarraren agintarien begiradapekoa, Koroari leialtasuna gordetzen dioten «hiritarren ordezkariena». Koroari leialtasuna hizpide izanda, hobe zuen Lopezek «hiritarrak» barik, «erregearen menpekoak» aipatu izan balitu. Edonola ere, kontraesana da, halaber, inork hautatu ez duen erregeari eta euskal herritar gehienek onartu ez zituzten legeekiko leialtasuna agintzea. Baina normala; azken batean, Patxi Lopez ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar gehienek hautatu ez duten lehendakaria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo