GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Behera Euskal Herria Socialista!

Hiru bat egun Euskal Herriko Euskaditik kanpo egon eta, hara!, bueltan nagoela zerekin eta gobernu sozialista batekin egin dut topo! Non eta hemen, topo. Hau kolpea! Katekesi garaitik Gora Euskal Herria Sozialista oihuka ibili eta gutxien espero nuen unean, sozialismoan gara! Hori dok/n eta! Lehen Nafarroa bezala, orain Euskadi, sozialista!, pentsatu nuen kolpe batez. Eta herioaren eremura lasai batean joan nintekeela, lurreko nire ahaleginek fruitua emana dutelakoan. Bai, aurreko hori guztia pentsatu nuen aireportura ohiko atzerapenaz iristean. Baina etxera heldutakoan, konturatu nintzen, euskal prentsa eskuan, bat ere ez nuela asmatu, beste behin ere; negoziazio prozesu guztietan gertatua zait gauza bera. Tira, sozialismora ailegatzeko hiru egun baino gehiago beharko dugula sinistuago nago orain.

Gernikan da gertatu. Urtetan sitsak hartutako Estatutua hartu du biblia berria sozialista ei direnen eskuak zin egiteko, beheko Estatuaren Konstituzioaren apostoluei zinez jarraituz. Erlijioak beti erlijio, eskuak desberdinak badira ere. Hango Juntetxeak ikusi behar izan du oraingoan zazpi bat hamarkada lehenago bera bonbardatu zuten militarren bertsio gaurkotua. Lehen airez heldu, orain lurrez; itsasoz heltzea dute uniformeok faltan! Gernikan arbolapekoa izan eta trantsizioa itxitzat eman dute sozialista itxurako horiek. Eurena, jakina! Baina trantsizioetan, botikan legez, nork berea! Norakoa da kontua. Ezkerrekoentzat, kasuko, trantsizioko atearen beste aldean egonda, «zabaldu» ikusiko dute, bestaldean «itxi» ageri arren. Jeltzaleentzat, ostera, kalbarioa hasiko da orain. Zentroa ezagutu dute beti, baina orain aukera izango dute grabitatea bera ere ezagutzeko, gurutze-bideko aldapan gora sentitzen baita hobeto horren indarra. Orduan konturatuko dira formazio baten pisua ez dela masa hutsaren kontua, grabitateak egiten baitu masa pisu. Hori pisu espezifikoaz hitz egin gabe! Dentsitatea ez sartzearren! Tira, jelkideek ez dute sozialista itxurakoen eskua hartu nahi izan, izerdia dariolakoan. Hau kolpea! Zelan jakin dute jelkide buruok izerdiaren usaina zelakoa den? Besapeko usaingarriena, bale, baina izerdiarena? Tira, aro berrian omen gara, orain arteko hiruko Tertziarioak aurrerako biko Sekundarioari egin dio bide. Eta ezkerreko jendea fosil antzera, Euskal Harrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo