Zigor Etxeburua Urbizu Euskaraz Bai Dinamika Herrietan egitasmoaren arduraduna
Euskaraz seguruago
Beharrezkoak dira jendartearen euskaltzaletasuna bideratzeko aukera egokiak, erakargarriak, garrantzitsuak, inplikatzeko bidea eskainiko dutenak eta bakoitzaren errealitatera egokitzeko modukoak
Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza da eta euskal herritar guztion hizkuntza izatea nahi dugu. Aukera hori hartu dugunontzat euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditu euskalgintzak. Kontseiluaren sorreratik helburu nagusia izan da jendartean eragiteko prozesua abian jartzea, euskararen normalizazioan urrats erabakigarriak ematea lortzeko. Baina duela egun gutxi berretsi du IV. mapa soziolinguistikoak gizartean dagoen euskaltzaletasunak handiagoa izaten jarraitzen duela hizkuntzaren erabileran gauzatzen ari denak baino. Urteotan euskararen normalizazioan aurrerapen handiak egin diren seinale da euskaltzaletasun hori. Baina euskararen garapena nahi baino mantsoago ari da gertatzen. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago oraindik bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak.
Norbanako, entitate eta instituzio orok baditugu ardurak eta konpromisoak, baina euskarari dagokionean, badirudi hizkuntzaren normalkuntzak ez duela ardurarik inplikatzen. Horregatik beharrezkoa da protagonista ororen borondateak eragitea, guztion ahalmen eta gaitasunak jar ditzagun euskararen egoeraren normalizazioa lortzera. Hain zuzen ere, arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzeak berebiziko garrantzia du, norbanako helduon eguneroko harreman eta bizipenak eremu horretan ematen baitira. Zentzu horretan, eragile-sozialen hizkuntza-normalizazioa laguntzeko egitasmo ugari jarri dira abian, hala nola, enpresetako euskara-planak, udaletako merkataritza-planak edota Kontseiluak eta Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriarekin garatu duten sistematizazio zorrotza.
Urteotako lorpenak ugariak dira, ehunka baitira euskaraz lan egitera iristeko bidean abiatu diren entitateak. Euskal Herrian ondo dakigunez, konpromisoa hartzeak berekin dakar emandako hitza betetzea. Baina euskaraz aritu nahi duten enpresa eta entitate ugariri gertatzen ari zaio nahi eta ezinean dabilela, beren lana baldintzatzen dutelako konpromiso-maila bera hartzen ez duten edo hartu ezin izaten duten entitate horien beraien hornitzaileek. Hain zuzen ere, aseguru-etxeak izaten dira euskaraz (ere) aritzeko zailtasunak dituzten hornitzaileetako batzuk.
Egoera hori iraultzeko, orain arteko estrategia osatu beharra dago, egitasmoak areago doituz eta neurri handiagoan garatuz. Besteren artean, beharrezkoak dira jendartearen euskaltzaletasuna bideratzeko aukera egokiak, erakargarriak, garrantzitsuak, inplikatzeko bidea eskainiko dutenak eta bakoitzaren errealitatera egokitzeko modukoak. Horregatik, bultzatu nahi ditugu Kontseilutik norbanakook areago aktibatzea eragingo duten ekintzak; euskaldun kontzientziatuok euskaraz bizitzeko jarrera geure egin eta indartuz gero, bizkortu baitezakegu eragile-sozial eta -politikoek euskararekiko jokabide aktiboak izatea.
Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatzen da «Euskaraz seguruago» kanpaina. Horren helburua da aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzea. «Euskaraz seguruago» kanpainarekin bultzatu nahi dugu herrietako norbanako eta entitateek euren aseguru-etxeei zuzenean jakinaraztea zerbitzu hori ere euskaraz nahi dutela. Gainera, bigarren galde bat ere antolatu dugu, aseguru-etxe nagusiei luzatuko zaien eskari zabalaren bidez. Hori Kontseiluaren web gunearen (www.kontseilua. org) bitartez egingo da. Helbide horretan bertan eskuratuko dituzue kanpainaren informazioa, dagoeneko euskarazko zerbitzua eskaintzen duten aseguru-etxeen berri eta eskaera-orriak.
Kontseiluak indartu egin nahi du norbanako euskaltzaleon protagonismoa. Kanpo-aldagaiak euskararen normalizazioaren aurkakoak izanik ere, gure hizkuntzak garapen zabalagoa lortzea ahalbidetzen jarrai dezakegu, dagokigun konpromisoa hartu eta betetzeko borondatea badugu. Ahalegin hori egiteko konpromisoa hartzen dugunok beste batzuentzako bide-erakusle ere izango gara, urrats bera ematera eraginez; eta hori gero eta gehiago hedatuz eragingo dugu norbanako erdaldunek euskara ikastea eta euskara dakitenek erabiltzea.
Esan bezala, lorpenak handiak dira, baina egin beharrekoa oraindik itzela da. Urteotako ibilbideak erakusten digunez, eragite-sozialaren ondorioak (aldaketak) ez dira berehalakoan ikusten. Hala ere, autokonplazentziari iskin eginez, «Euskaraz bai» leloak erakusten du euskalgintzak euskaraz bizitzeko duen borondatea. Gonbidatuta zaude zeu ere hizkuntzarentzat garatu eta zabaldu nahi ditugun esparruotan eragitera. Bizitza euskaraz normaltasunez egitea helmuga.