GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Beitialarrangoitiaren aurkako epaiketak berau alkatetzatik kentzea xede duela salatu dute

«Maite zaituztegu» maitasun adierazpena esategatik epaituko dute Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitia, Madrilen, hilaren 21ean. Baina aitzakia besterik ez dela salatu zuten atzo, benetako helburua ezker abertzalea alkatetzatik kentzea dela salatuz.

p016_f02_96120.jpg

Gari MUJIKA |

Datorren maiatzaren 21ean, Euskal Herrian greba orokorra deituta dagoen egunean, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Madrilgo salbuespeneko auzitegira bertaratu beharko du, «tortura kasu baten aurrean eta presoak ahoan izan zuen maitasun adierazpen bat» aitzakia gisa harturik. Hala salatu zuten atzo Hernanin, udalerriko alkate eta zinegotzi ohiek.

«Maite zaituztegu». Horixe da Beitialarrangoitiaren maitasun adierazpena, eta auzitegi bereziak auzipetzeko aitzakia. Helburua, aitzitik, atzo salatu zutenaren arabera, bestelakoa da: «nondik edo handik, ezker abertzalea alkatetzatik kentzea», eta, oro har, euskal udalerri gehientsuenetan eman den bezala, herri borondateari muzin eginez ordezkari legitimoak baztertzea.

Formula zaharra eta ezaguna

«Tamalez ez zaigu berria egiten. Formula zaharra da herritarren borondateari muzin egin eta ordezkari legitimoak baztertzeko ahalegina, itxura ezberdinak hartu baditu ere urteetan zehar: alderdien arteko paktu antinaturalak lehen indarra zokoratzeko, ilegalizazioak, erabaki politikoak bultzatutako epaiketak...», nabarmendu zuten Juanjo Uriak eta Mertxe Etxeberriak, agerraldian elkartu ziren alkate eta zinegotzi ohien izenean.

Norabide hori, gainera, erabat ankerra dela nabarmendu zuten, «orain arte herri honi atsekabea eta arazoen sakontzea baino ekarri ez diona eta beharrezko irtenbideak bilatzeko ahaleginak zapuztu nahi duena».

«Maite zaituztegu» esaldia aitzakia hutsa besterik ez dela argi dute, bultzada politiko garbiko auzia dela nabarmenduz. Herritarrek aukeratutako alkatea den heinean, «herritarroi dagokigu bere karguaren defentsa egitea, gu guztion ordezkaria baita».

Ordezkari politikoei deia

Hala, defentsa hori egiteko modu ugari daudela azaldu zuten eta baita bi aukera plazaratu ere: mobilizazioetan eta auzibidea salatzeko abiarazi duten sinadura bilketan parte hartzea.

Dei berezia egin zieten, gainera, Hernaniko Udala osatzen dutenei. Honelako gehiegikeria batek ekar diezaiekeen «onura partidistaren tentaldian» eror ez daitezen eta beraien interes propioen gainetik «Hernaniren interesak eta hitza» errespetatzea eskatu zieten, ordezkari politiko diren heinean, defentsa hori egitea euren ardura baita.

SINADURA BILKETA

Hernaniko alkatearen defentsan abiarazi duten sinadura bilketan eta datozen egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete hernaniarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo