GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mare Urdina, Euskal Herri osoko kosta batzen duen Europako egitasmoa

Surfrider Foundation elkarteak bultzaturik, Mare Urdina egitasmoa abian jarri da. Proiektu horren bidez, elkartearen Bilbo eta Biarrizko egoitza elkarlanean arituko dira. Baionatik Bilbora arteko inguramenari buruzko sentsibilizazio eta heziketa lanak eginen dituzte.

Ainize BUTRON |

Mare Urdina izena jarri diote Bilbo eta Baiona artean Surfrider Foundantion elkarteak abiatu duen egitasmo berriari. Europako FEDER diru-fondoekin finantzatutako ekimena lau arlotan banatzen da: kostaldearen babesa, ingurumenaren gaineko heziketa eta sentsibilizazio lana, ondare naturalaren balorizazioa eta komunikazioa, hain zuzen. «Bagenuen aspaldidanik gure lana euskal kostalde osoan hedatzeko borondatea», nabarmendu zuten elkarteko kideek.

Bilbo eta Biarritzen dituzten egoitzen bidez landuko dute programa berri hau. Eta, Mathieu Berger Biarrizko egoitzako ordezkariak argitutakoaren arabera, egitasmoaren zeregin nagusien artean uraren analisiak egitearena izango da.

«2006an Europa mailan arau berriak kaleratu ziren uraren kalitateari dagokionez. Bakterien maila zorrotzagoak finkatu zituen Europak», argitu zuen.

2015. urterako arau horiek indarrean izango dira. «Herriko etxeek arau horiek betetzeko deus egiten ez badute, hondartzak ixteko arriskua ere izango dute», gehitu zuen.

Elkarteak aspaldidanik egiten ditu analisiak. Horien helburua herriko etxeei Europak finkatu dituen arau berrietara egokitzeko laguntza ematea da, horretarako abiarazi baitute, besteak beste, Mare Urdina programa.

«Agindu horiek bete nahi badituzte, saneamendu obrak egitera behartuta daude udalak. Gure lana analisiak egitea eta herriko etxeak laguntzea da. Bide batez, obrak egitea ezinbestekoa zaiela erakutsi behar diegu», nabarmendu zuen.

Mare Urdina egitasmoa abian jartzeko Europako egitura teknikoen baimena jaso du dagoeneko Surfrider Foundation elkarteak. «Bizkaian eta Lapurdin proiektua abian da, eta ondoko asteotan Gipuzkoaren erantzuna eskuratzea espero dugu», argitu zuen Bergerek.

Surfrider Foundationekin batera, beste hiru partaidek hartzen dute parte egitasmoan oraingoz: Euskal Herriko Surflarien Federakuntzak, Eusko Ikaskuntzak eta Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiak.

Asteroko analisiak

Surfrider elkarteak astero egiten ditu analisiak Euskal Herriko hondartzetan. «Orotara, hamar eta hamabost ur ateratze egiten ditugu astero-astero. Ondotik, hondartza horietan egin ditugun analisien emaitzak gure Interneteko orrialdean plazaratzen ditugu. Herriko etxeei ere helarazten dizkiegu», nabarmendu zuen Surfrider Foundationeko ordezkariak.

Uraren kalitateari buruzko datu guzti horiek Bilboko egoitzak koordinatzen ditu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo