GARA > Idatzia > > Mundua

Normaltasunera itzultzeak ez ditu kezkak eta zalantzak uxatu

Mexikoko Gobernuak aurreikusita zeukan moduan, bi astez herrialdea eta mundu osoa aztoratuta izan duen txerri gripearen epidemiaren arrisku mailak behera egin zuen hilaren seigarrenean. Ondorioz, azkeneko egunetan hiriaren irudia erabat aldatu da eta komunikabideetako lehen orrialdeak bete dituzten maskara urdinak hiriko paisaiatik desagertu egin dira.

p031_f01_177x140.jpg

Ruben PASCUAL

Ander PEREZ

Komunikabide eta instituzioetatik lau haizetara zabaldutako alarma mezuak direla eta, herritarrak etxetik irten gabe igaro zuten iragan astea Mexiko Hirian. Aldiz, alarma egoerak iraun duen bitartean izandako erabiltzaile kopuru eskasa gainditu dute jada garraio publikoek eta ohiko irudia berreskuratuz doaz. Hala adierazi zion autobus publiko bateko gidariak GARAri: «Jende mugimendu handiagoa igarri da egunotan. Izan ere, erabiltzaile kopurua ohikoa baino murritzagoa izan da azken asteotan».

Normaltasunaren itzuleraren lekuko bada ere, oraindik hainbat prebentzio neurri mantendu behar izaten ditu gidariak, besteak beste, eskularru eta maskarak erabili behar ditu eta heldulekuak ur eta xaboiz garbitu behar ditu. Gaixotasunaren eragin maila jaitsi bada ere, oraindik mantendu beharreko neurriak dira horiek, «batez ere, haurrek klasera joateko garraio publikoa erabili behar dutelako berriz ere».

Zerbitzuak

Jendaurreko zerbitzuetan (taxiak, jatetxeak, dendak...) errepikatzen den egoera da aipatutakoa. Coyoacanen, Mexiko Hiriko taberna gune ezagunean, lokaletara sartu aurretik eskuak gel desinfektatzailez garbitzera behartzen dituzte bezeroak.

Neurri guztien gainetik baina, bai tabernak eta baita garraio publikoak ere mukuru beteta ageri dira, aurreko egunetako irudietatik oso urrun. Jarduera horietako langileek adierazten dutenez, hala ere, «oraindik ez digute esan noiz arte mantendu beharko ditugun segurtasun neurriak».

Normaltasunerako bidearen lekuko, iragan ostegunean unibertsitate eta bigarren hezkuntzako ikastegietara itzuli ziren berriz Mexiko Hiriko ikasleak. Lehenengo egun horretan, UNAM unibertsitateak ohiko irudia erakutsi zuen: goizean goizetik auto ugari ibili ziren kanpuseko sarreretan eta klaseetako asistentzian ez zen kasik inolako aldaketarik sumatu.

Ikasle gehienek ezohiko oporren gisara hartu dituzte aurreko egunak, hiritik kanpora joateko aprobetxatuz. Askok, hala ere, klaseetara bueltatzea eskertu dute. Uste horretakoa da Carlos Alabat kazetaritzako ikaslea. «Nazkatuta nengoen etxean sartuta egoteaz, ez zegoen ez zinemarik ez ezer; ez da bakarrik eskolara bueltatzea, baizik eta metroa erabili eta kalera ateratzea ere, jendea ikustea...».

Oraindik ez dago batere argi kurtsoa ekainera arte luzatuko den, galdutako klase egunak berreskuratzeko. Ikasle eta irakasleen artean nahasmen handia dago gai honi dagokionez, baina, bien bitartean, lanari ekin diote betiko legez, gehiengo handiak maskara alde batera utzita.

Mesfidantza

Hiriak gutxika normaltasuna berreskuratu izanak ez du hiritarren zalantza eta mesfidantza uxatu. Julio Cesar Cortes Coyoacaneko bizilagunak bere alabarekin parkean jolastu ahal izan du berriro eta ohikotasunera itzuli ahal izatea eskertzen du. Hala ere, gobernuak egindako auziaren kudeaketaren inguruko bere zalantzak ez ditu ezkutatzen: «Non daude hildakoak? Ez dago hori gertatzen ari dela ziurtatzen duen frogarik, ez da biktimen identitaterik zabaldu».

Ez da iritzi isolatua. «Jendartearen ehuneko oso handi batek uste du hau gobernuaren trikimailu bat baino ez dela izan», aitortu du. Gainera, ez du komunikabide eta erakunde publikoek zabaldutako izua konpartitzen. «Epidemiarena benetan horren arriskutsua balitz, eulien moduan akabatuko gintuzke».

Cortes bi astez lanik egin gabe egoteak ekarri dion diru galeraz ere mintzatu da. Milioika mexikarrek pairatu behar izan dute egoera bera. «Epidemiak langileoi batez ere egin digu kalte -dio taxilari batek-. Izan ere, nik ez dut gaixotu den inor ere ezagutu; ekarri duen bakarra galera ekonomikoak dira, non eta berez diru fluxu handirik ez duen herrialde batean». Horrek, berez arruntak diren prebentzio neurriak hartzeko orduan ere zailtasunak ekarri ditu. «Diotenez, maskarak berez ordu erdiro aldatu beharko lirateke, eta hori egiteko ez dago ez dirurik, ezta maskara nahikorik ere».

Diru galerak

Epidemia dela-eta negozioak eta jarduera produktiboa eteteak Mexikon sortu dituen diru galerak lausotzeko ugariak dira herrialdeak mundu osotik jasotako laguntza ekonomikoak. Hiritarrak, hala ere, diru horrekin egingo denaz kezkati agertzen dira.

«Nora joango da jasotako diru hori? Gobernuak ez du ez urik ez janaririk ematen, eta horregatik egon dira beti epidemiak. Zergatik ez dute gosez hildakoez gehiago hitz egiten?», galdetzen du emakume batek. Bitartean, atzetik pasatzen den gizonezko batek «epidemiarena gezurra da!» oihukatzen du.

Gutxika, munduko bigarren hiririk handiena ohiko irudia erakusten hasi da munduaren aurrean. Normaltasunak, baina, ez du oraingoz lasaitasuna ekarri, eta jendeak, hildako eta kutsatuez baino, gobernuaren kudeaketaz hitz egiten du. Mesfidantza nabaria da.

Halere, denborak berea egingo du eta gutxira bai epidemia bera bai kritikak ahaztu egingo dira. «Hau pasako da, eta gutxira, inor ez da maskarez oroituko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo