Bat formula Entrenamendu ofizialak
Aldaketak aldaketa, Brawn GP da onena Montmelon ere
Jenson Buttonek aurreneko postuan ekingo dio Espainiako Sari Nagusiari Vettel eta Barrichelloren aurretik. Massak eman du sorpresa, laugarren postua lortuz.
GARA | MONTMELO
Bat Formula Europan sartzerako hobekuntzak eta aldaketak espero ziren Renault, McLaren eta Ferrariren aldetik. Askoren iritziz, Toyota, Red Bull eta, batik bat, Brawn GPren abantaila neurri batean murriztuta izango zen gaur jokatuko den Espainiako Sari Nagusirako.
Ikusteke dago lasterketan zer jazoko den, baina entrenamendu ofizialetan bederen, gauzek lehengo lepotik daramate burua. Horren erakusle, Bat Formulako Munduko Txapelketako lider Jenson Buttonek eskuratu zuen atzo ere denborarik onena. Bere atzetik Red Bull taldeko Sebastian Vettel sailkatu zen eta hirugarrena, berriz, Buttonen taldekide eta Brawn GPko bigarren pilotu Rubens Barrichello izan zen.
Azken urteetako faboritoek; hots, Raikkonenek, Hamiltonek eta Alonsok, oso atzetik ekin beharko diote lasterketari eta nahikoa lan izan beharko lukete gaurko 66 itzulien ostean punturen bat pilatzeko. Renault taldeko gidari asturiarra sailkatu zen hiru txapeldunen artean hobekien, zortzigarren denbora onena egin baitzuen. Gaurko bere estrategia, antza, gasolina gutxirekin atera eta aurreneko itzulietan ahal bezain beste postu irabazi eta irteera on horri eustea da. Hamiltonek hamalaugarren denbora onena egin zuen eta Raikkonenek, ostera, hamaseigarrena. Egungo txapeldun Hamiltonek lasterketak atzetik aurrera eginez nahiko ongi moldatzen dela erakutsi du azken Sari Nagusietan. Ferrariko finlandiarrak, berriz, oso maila eskasa eman du aurreneko lau lasterketetan.
Massa, Ferrariren itxaropena
Ikusten denez, talde «indartsuenen» probak ez dira ongiegi atera. Salbuespena, sorpresa eta baliteke Ferrariren itxaropena, Felipe Massa brasildarra izan zen. Inork ere espero ez zuenean, F60B auto berriari bere taldekideak baino askoz errendimendu hobea atera zion eta, ondorioz, irteera puntuan bigarren lerroan kokatzea lortu zuen, bere herrikide Ruben Barricheloren atzetik. Azken sailkapen saioan minutu eta 21 segundotik beherako itzulia lortu zuen azken pilotua izan zen hegoamerikarra.
Bestetik, nahiz eta aurreneko entrenamendu libreetan itxura aparta eman, Toyotak uste baino emaitza eskasagoak pilatu zituen atzoko entrenamendu ofizialetan. Timo Glock alemaniarra seigarren postuan, hirugarren lerroaren atzealdean, sailkatu zen; hain zuzen ere, bere taldekide Jarno Trulli italiarraren aurretik.
Gaurko lasterketari begira jarrita, berriz, badirudi, istripurik ez badago eta safety car beharrik ez badago, Button eta Vettelen arteko buruz buruko dema izango dela; izan ere, bi pilotuek gainontzekoek baino erritmo hobea erakutsi dute. Harrigarria da pilotu ingelesaren erregulartasuna azken urteetan ia ezer ganorazkorik egin gabe izan ostean; gidari gisa bikain ari da eta horri esker irabazi ditu hiru lasterketa. Bere aldetik, Vettelek, euripean ez ezik, ibilbide lehorraren gainean ere zertan dabilen oso ongi dakiela erakutsi du orain arte. Atzo, esaterako, Buttonek 133 segundo milaren baino ez zizkion atera.
Montmeloko zirkuituan oso zaila da aurkariak pistan aurreratzea. Hori dela eta, irteerak ez ezik, talde estrategiek ere sekula baino garrantzi handiagoa izango dute gaurkoan, batez ere bigarren pilotuek beren liderraren mesedetan lan egiteko aukera badute -esaterako, Barrichelok Vettel irteeran gaindituko balu, egundoko mesedea egingo lioke bere taldekide Buttoni, honek aurkari amorratuena atzean uzteko egundoko parada izango bailuke-.
Sailkapen nagusia ere nahiko garbi gera liteke Espainiako Sari Nagusiaren ostean, batez ere Buttonek lortuko balu garaipena. Dena den, ez dago ezer aurreratzerik lasterketa unera arte.
Alonso, Hamilton eta Raikkonenek oso atzetik ekin beharko diote gaurko lasterketari. Montmelon aurreratzea oso zaila denez, irteera on bat egitea ezinbestekoa izango dute punturik lortzeko aukera izan nahi badute.