GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA | Zurriolako Ikastolaren ekimena

Gazteak benetako ikertzaileen gisa aritu dira esperimentuak azaltzen

Bata zuria, betaurrekoak eta eskularruak jantzita, Donostiako Zurriola ikastolako haur eta gazteek esperimentu bitxi eta interesgarriak erakutsi zizkieten atzo Groseko Okendo kultur etxean bildutako lagun, guraso, irakasle eta herritarrei. «(H)ireki(n) mundura» dio Kilometroak jaiaren leloak. Bada, «Zientziaz blai» ekimenarekin zientzia auzoan eta hirian zabaldu nahi izan zuten, ikasleek berek prestatu eta azaldutako ekintzen bidez, esperimentatuz, gozatuz.

p021_f02_250x092.jpg

Maider IANTZI

Groseko Okendo kultur etxean ezohiko irudia ikusi genuen atzo arratsaldean: makina bat zientzialari gazte, 8 eta 18 urte bitartekoak, esperimentuen bidez eguneroko bizitzarekin erlazionatutako galderei erantzuten, bata zuria, eskularruak eta betaurrekoak jantzita, profesionaltasun handiz. Edaten ditugun zukuek zenbat C bitamina dute? Nola sortzen da airean arnasten dugun oxigenoa? Nola kendu arrautzari oskola, puskatu gabe? Hainbat zalantza argitu zizkiguten Zurriola ikastolako ikertzaile abilek. ADNa ere erakutsi ziguten.

«Sumendia.. ala erreakzio kimikoa?» zegoen idatzita erakusmahai batean. Bertan, Iñigo eta Eneritz 12 urteko gaztetxoak ozpina eta bikarbonatoa nahasita laba eragiten ari ziren. Ederki ematen zituzten azalpenak: «Erreakzio kimiko bat gertatzen da. Bi osagai nahastu, erreakzioa sortu eta gero ezin da atzera bueltatu». Gustukoa dute irakastea, nahiz eta pixka bat urduri jarri.

Mariaje irakaslea ondoan zuten, bata zuriz jantzita hura ere, eta gela bakoitzeko bi neska-mutikok esperimentu txiki bat egiten ikasi eta gero lagunei irakatsi dietela jakinarazi zigun. «Zientziaren inguruan esperimentuak egitea eta erakustea da gure helburua, zientziaz blai egiteko aprobetxatzea. Kilometroetako leloak dioen bezala, zientzia ere mundura irekitzea, auzora irekitzea», adierazi zuen. Lehenbiziko aldia zuten horrelako zerbait egiten zutena eta kontent zeuden. Nabari zen gazteak gozatzen ari zirela eta hori da bilatzen zutena, zientzia praktikan jartzea eta ongi pasatzea, ez ikastetxe barruan soilik, kanpoan ere bai.

5. mailako Katalinak eta Iñigok ere primeran azaldu zieten guraso, adiskide eta auzotarrei edariek zenbat C bitamina duten neurtzen. «Txikitatik zientzialari izan nahi dut eta nire ustez, hau pauso bat da, baina ez dakit lortuko dudan», aitortu zigun Katalinak. Ura, laranja zuku naturala, poteko zukua eta freskagarria aztertu zituzten. Bakoitzari zientzialariek erabiltzen duten erakusle baten tantak bota zizkieten eta mahaiaren inguruan bilduta zeuden lagun guztiek zenbatu egiten zituzten tanta horiek. Zenbat eta tanta gehiago, orduan eta C bitamina gutxiago.

ADNa ikusteko aukera

Beste postu batean, arnasten dugun oxigenoa nola sortzen den argitu zuten 6. mailako Borjak eta Irenek. Lau edo bost aldiz egin zuten esperimentua. Ureko landare bati karbono dioxidoa, ura eta argia ematen zioten eta handik pixka batera burbuilak sortzen hasten ziren; zenbat eta argi gehiago, orduan eta burbuila gehiago. Adi-adi zituzten ikaskideak eta galderak egiten zizkieten. Gustura zeuden azalpenekin, pozik esperimentua ulertu zutelako.

Zuriñek eta Josunek 12 eta 13 urte dituzte eta esperimentu konplexua egina zuten: limoiak erabiliz argia piztea lortu zuten! Eli, Haizea, Julen eta Eñaut, aldiz, 1. batxilergoa ikasten ari dira, ikastolako zaharrenak dira eta han eta hemen aipatzen den ADN famatua erakutsi ziguten.

Okendoko giroak helburua lortu zutela adierazten zuen: gazteak protagonista izan ziren eta zientziarekin esperimentatuz gozatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo