ERRUGBIA Top 14
Heineken Kopan aritzeko ametsa asko zaildu da
Lapurtarrek puntu gehigarri bat lortu ahal izan zuten, baina Brivek ere irabazi egin zuen, eta, ondorioz, zazpigarren postura jaitsi eta beste taldeen menpe geratu dira zuri-urdinak.
Jon LEUNDA | BAIONA
Atzerapauso handia eman zuen atzo Avironek Stade Toulosainekin galduta, nahiz eta defentsako lanari esker puntu gehigarri bat eskuratu ahal izan zuen. Lapurtarrak zazpigarren postura jaitsi dira orain, eta Liga amaitzeko jardunaldi bat geratzen denean, Heineken Kopako postuetatik at geratu dira.
Ez zen aparteko neurketa izan atzokoa, baina hori aurretik ere horrela izan zitekeela uste zuten zaleek. Euskaldunek asko zuten jokoan, eta hori asko nabaritu zen, ez baitziren beren maila emateko gai izan. Stadek, aldiz, ez zuen ezer jokatzen, finalerdiak jokatzeko txartela eskuetan baitzuen aldez aurretik.
Honelako partidetan ostikoek edo jaurtiketek erabakitzen dituzte neurketak, eta atzokoan ere horixe gertatu zen. Biarritzen aurkakoan bezalaxe, atzokoan ere zuri-urdinak ez ziren finegi aritu, eta amaieran puntu batekin konformatu behar izan zuten.
Gainerakoan, norgehiagoka oso orekatua izan zen, bi taldeetako inork ez baitzuen nagusitzerik lortu; hala, atseden hartzera berdinduta joan ziren, markagailuak 6 eta 6ko emaitza erakusten zuela. Bigarren zatian ere gauzek bide beretik jarraitu zuten, baina zigorrak jaurtitzerakoan Okzitaniakoak hobeto aritu ziren eta horrek kanpotarrei eman zien garaipena. Jardunaldi bakarra geratzen da Liga amaitzeko, eta Avironi bere partida irabazi eta Brivek edo Biarritzek galtzea besterik ez zaio geratzen, bestela ez baitu Heineken Kopan aritzeko txartelik lortuko. Gaur, Biarritzek Parisen jokatuko du 20.30etatik aurrera Stade Françaisen aurka.