GARA > Idatzia > Kirolak > Osasuna

Etxaidek aukera bat izan lezake ezker hegalean

Monreal jokatzeko moduan egongo dela espero dute

Baliteke Camachok atezaina aldatzea, eta Ricardok hasieratik joka lezake Sevillaren aurka

p044_f01_148x108.jpg

GARA | IRUÑEA

Aste hasieran oso zaila zirudien arren, badirudi Natxo Monrealen lesioak nabarmen egin duela hobera, eta Osasunako medikuen iritziz, litekeena da ezker hegalekoa asteburuan Sevillaren aurka jokatzeko moduan egotea. Ezker orkatilan zuen edema desagertu zaio atzelari nafarrari eta bihurritu bat besterik ez dauka orain. Horrenbestez, jokalariak, gimnasioa utzi, eta gaur entrenamendu saioa gainontzeko taldekideekin batera egitea espero dute Osasunan.

Monrealek jokatuko duelakoan daude talde gorritxoko teknikari guztiak, baina, badaezpada, atzoko entrenamendurako Etxaide gaztea deitu zuen Jose Antonio Camachok. Taxoareko azken harribitxietakoa den Etxaideren berezko posizioa erdiko atzelaria da, baina bigarren taldeko azken partidetan ezker hegalean jokatu du. Lehen taldean Tiago portugaldarra da beste ezker hegalekoa, baina ez Zigandak, ez Camachok berak ere, ez dute uda honetan fitxatutako jokalariaren aldeko apusturik egin.

Monreal osatuko ez balitz, Osasunako entrenatzaileak egin dezakeen beste hautua leku horretan Javier Flaño jartzea izan daiteke. Aurretik ere egin izan du halakorik, nahiz eta harrobiko jokalariak leku horretan ez dela batere eroso sentitzen erakutsi duen, batez ere erasoan.

Bigarren taldearekin denboraldia amaitu duen Etxaidek ez luke lehen taldearen deialdian lehen aldia izango, izan ere, abenduan ere deitu zuen Camachok Riazorrera joateko, Sergio eta Josetxoren bajek behartuta.

Atezain aldaketa

Nolanahi ere, ezker hegaleko jokalaria ez da une honetan Camachok duen ardura bakarra, izan ere, Robertok azken jardunaldietan izan duen beheraldia kontuan hartuta, -Getafen sekulako hutsa egin zuen madrildarren bigarren golean- atezaina aldatzearen aukera aztertzen ari da Murtziakoa.

Gauzak horrela, Monreal osatuko balitz, Camachok erabaki dezakeen hamaikakoa honakoa izan daiteke: Ricardo edo Roberto atean, Azpilikueta, Sergio, Josetxo eta Monreal atzealdean; Puñal eta Nekounam euskarrian eta Juanfran, Plasil, Masoud eta Pandiani aurrealdean.

Sergio

«Kapitainak aste honetan esandakoarekin ados dago aldagela osoa. Denboraldia daukagu jokoan Sevillaren aurkakoan eta hori nabaritu egin behar da», esan zuen atzelariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo