GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Barka esatea

 

Esango dudan hau ez da zuzentasunaren kanonen barruan sartzen, baina ez nadin horregatik kikildu: gustuko dut azkar ibiltzea. Errepidean, bai. Eskandalua! Ez naiz autoak atzetik argiez xaxatzen ibiltzen den zanpatzaileetakoa, ez dut ausarkeria merke hori atsegin. Norbaitek atzetik bere autoaren muturra belarrietaraino sartzen didanean, izutu egiten naiz: zer uste dute? Halako batean uzten diezu zu aurreratzen, eta harrituta geratzen zara nolako gizajoak diren ikusita. Kalean otzanenak, zerbitzarienak, urdurienak eta lotsatienak direnak, horiexek ibiltzen dira errepideetan matxinatuen, lau gurpilen gaineko kapritxo garesti horietako batek babestuta. Spielbergen filma bera lotsagarri uzten dute euren munstroekin. Ez dakit gogoratzen duzuen: “El diablo sobre ruedas”. Auto bati kamioi batek jasanarazten zion jazarpen obsesiboa kontatzen zuen filmak.
 
Artean fantasia zena, gaur ohitura bilakatu da, egiaz. Hori esanda, autoan lokartuta edo paisaiari begira joaten direnak ere ezin ditut jasan. Pazientzia galarazten didate, nire barruko munstroa, nire ni matxoena esnaraziz. Zeri begira joaten dira? Noren zain daude? Ahaztu ote dute eskuinekoa azeleragailua eta erdikoa galga direla? Benetan harrigarria da. Hartzen duzu autoa, eta, errepidera sartu orduko, ilara aurkitzen duzu. Irratian horretaz ari dira: “Auto ilarak N-1 errepidean”. Zutaz ari dira, alajaina! Ilara amaituta, azeleragailua sakatzen duzu, baina berehala aurkitzen duzu paisaiari begira doan gidari bat. Orduko 76 kilometrora doa, ezkerreko errailetik. Eskuak ikusten dizkiozu: kalakan ari da (edo telefonoz). Eta ez daki kalakan doan bitartean gidatzen. Orduan, zergatik ez da unetxo batez isiltzen? Ez al daki atzean norbait zain daukala? Ez naiz esaten ari denak lasterketan ibili behar dugunik, baina, mesedez, nerbio pixka bat!
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo