GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Stephane Etxegarai kazetaria kargurik gabe aske utzi dute

Atxiloketaren arrazoiak oraindik argitu gabe, Stephane Etxegarai kazetaria kargurik gabe aske utzi zuten atzo arratsaldean. Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu duenez, 200 dira azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian atxilotu eta kargurik gabe aske geratu diren herritarrak.

GARA |

Astearte goizean Polizia frantsesak gatibu hartutako Stephane Etxegarai kazetaria aske utzi zuten atzo. Arratsaldeko bostak inguruan atera zen Etxegarai Polizia frantsesak Baionan duen komisariatik, eta abokatuak GARAri jakinarazi dionez, Poliziak ez du bere aurkako kargurik.

Etxegarai asteartean atzeman zuen Poliziak bere herrian, Eiherelarren, Nafarroa Beherean. Goizeko seietan polizia ugari joan ziren bertara Laurence Le Vert epailearen aginduz, eta etxea miatu ondoren, gatibu eraman zuten Baionako komisariara. Bertan baxenabartarrari galdeketa egiten aritu dira atzo arratsaldera arte.

Oraindik ez da argitu zein izan da atxilotzearen arrazoia, agentziek, ordea, duela hiru edo lau urte Laurence Le Vert epaileak ETAren inguruan abiatutako sumario batekin lotu dute polizia operazioa. Antza denez, kazetari baxenabartarrak sumario horretan auzipetuta dauden hainbat euskal herritarrekin duen harremana dela-eta atzeman zuten.

Gobernu frantsesak «errepresioaren aldeko apustuan itsututa» jarraitzen duela salatu zuen errepresioaren aurkako mugimenduak atxiloketa gertatu eta berehala. Aitzitik, Etxegarai aske geratu ondoren, amnistiaren aldeko mugimenduak ez zuen bere irakurketa aldatu eta «oso larritzat» jo zuen pertsona bat galdekatu eta inolako kargurik gabe aske uzteko, goizeko seietan ohetik altxarazi eta atxilotuta eramatea.

Azken hilabeteetan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan horrelako makina bat atxiloketa gertatu direla salatu zuen, eta orotara azken urte eta erdian ia berrehun herritarrek antzeko egoera bizi behar izan dutela ekarri zuen gogora; «horietako gehienak gainera, kargurik gabe atera dira kalera», gaineratu zuen amnistiaren aldeko mugimenduak.

Kazetari ezaguna

Stephane Etxegarai, Etxe, ezaguna da oso Ipar Euskal Herrian, Euskal Irratietako erredaktoreburu izandakoa da, eta Irulegiko Irratian aritu da denbora luzean. Egun, aldudarrak Bideo telebistan egiten du lan.

Euskal Irratietako langileek atxiloketa gertatu bezain pronto helarazi zioten euren elkartasuna lankide ohiari, eta astearterako amnistiaren aldeko mugimenduak Baionan eta Donibane Garazin antolatu zituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Nafarroa Behereko hiriburuan 140 lagun bildu ziren protestan udaletxe parean eta Baionako komisaria aitzineko elkarretaratzean, berriz, 30 lagun izan ziren.

200

dira azken urte eta erdian, komisariatik igaro behar izan duten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo