Sendagileak landa inguruetan kokatzera bultzatu nahi ditu Parisek
Sendagile gazteen artean azken hogei urteotan behera egin du lanerako landa inguruetan kokatzeko hautuak. Barnealdeko osasun zerbitzuen huste etengabe horri aurre egiteko esku-hartzea erabaki du Gobernu frantsesak. Hala, sendagile gazteak landa lurretara bultzatzeko, ikasketetan neurri erakargarriak eskaintzea erabaki dute, besteak beste, mila euroko laguntza. Medikuntza arloko sindikatuen iritziz, halere, neurri horiek ez dute arazoa konponduko.
Ainize BUTRON | BAIONA
«Barnealdeko osasun sarea ahula da, eta bizirauteko elkarren artean lotuak gaude», esan zuen Sebastien Vargas Donapaleuko Sokorri klinikako zuzendariak. Berriki, Gobernu frantsesak Roselyne Bachelot Osasun ministroak aurkeztutako «Erietxe, gaixo, lurralde, osasuna» izeneko lege proiektua alde onartu du.
Osasun arlo osoa berrantolatzea luke helburutzat lege orokor horrek. Eta, erietxeen antolaketa aipatzeaz gain, osasun sarearen lurralde antolaketa finkatzen du. Legeak ondorio zuzenak izango ditu lekuko erietxe, klinika eta sendagileen kokapenean. Medikuntza orokorrari dagokionez, txostenaren bigarren artikuluak jasotzen du sendagile gazteak «osasun zerbitzu urriko eremu» gisa sailkatutako landa inguruetan kokatzera bultzatzeko premia. Hala, sendagile eskoletan dirulaguntza berezi bat eskaintzea proposatzen du, ikasketak burutu eta sendagileak inguru horietakoren batean kokatuko dela hitzematekotan. Izan ere, gaur egun, sendagileen eskolatik ateratzen den mediku orok lanbidea betetzeko kokagunea askatasun osoz hautatzeko aukera du. Beraz, landa inguruetako osasun zerbitzuetan dagoen hutsunea betetzea dute xede neurri horiek.
Nafarroa Beherea eta Zuberoa «osasun zerbitzu urriko eremu» delako atalean sailkatu dituzte. Hazparnetik Atharratzeraino hogeita hamasei sendagile baizik ez dira geratzen. Eta horietatik %37 55 urtetik gorakoak dira. Bachelot legeak, beraz, halako egoerei aterabidea eman nahi die.
Medikuntza orokorra bideratzen duten sendagile sindikatuen kexua eragin dute, ordea, Osasun ministroaren erabakiek. Alex Viollet Hazparneko sendagilea da eta MGFrance sindikatuko lekuko ordezkaria. Haren esanetan Gobernu frantsesak finkatu agindu horrek ez dio arazoari «irtenbiderik ekarriko». Gaineratu zuenez, «neurri hertsakorrak hartzen hasten direlarik, irtenbiderik ez dagoen seinale da».
Estatuaren kudeaketa
Medikuntza eskolatik 1988an atera zen bera, eta jada aurreikusten zen 2010ean sendagileen demografian arazo larri bat izango zela. «Arazoa aspaldikoa da. Gobernuz gobernu ez diote aurre egin. Orain, hogei urtez areagotzen joan den egoera bati bi urtean konponbidea eman nahi diote. Hori ezinezkoa da». Roselyne Bachelot Osasun ministroaren legean hiru urteko epea jarri dute neurriak ezartzeko. Besteak beste, gazteek bi urtez landa inguruetan lan egin dezatela sustatzeko neurri erakargarriak eskainiko dituzte, ikasketak bideratzeko 1.000 euro emanez, esate baterako.
«Neurri horiek ez dute deus aldatuko. Medikuntza ikasketak egiten dituztelarik, gaur egun, gazteei taldean lan egitea erakusten diete. Baserri inguruetan, ordea, ez zaizkie lan egiteko baliabide berdinak eskaintzen. Gobernuak berak ez lituzke bere funtzionarioak bidaliko horrelako lan baldintzetan lan egitera», salatu zuen Violletek.
Hazparneko medikuaren iritziz, Roselyne Bacheloten legeak xede bakarra dauka: «Osasun arloa Estatuaren esku jartzea». «Oso garai interesgarriak ditugu. Argi da Gobernuak osasun antolaketa orokorrean esku-hartze bat izan nahi duela. Jadanik aurretik egin zuen Gizarte Segurantzarekin. Garaian sindikatuak kudeatzen zuten. Gaur egun, berriz, egiturako burua Estatuak izendatzen du», argitu zuen.
MGFrance sindikatuaren iritziz landa inguruetan sendagileak erakartzeko dagoen irtenbide bakarra medikuntza etxeak sortzea da. «Baina, horretarako bitartekoak jarri behar dira», esan zuen Violletek.
Estatu frantsesean, Roselyne Bachelot Osasun ministroak finkatutako «Erietxe, gaixo, lurralde, osasun» deitu legearen aurkako adierazpenak ugarituz joan dira azken asteotan. Gobernua aurrera eramaten ari den erreformen harira, lege horrek osasun zerbitzu publikoa hausten duela salatu dute bai sindikatuek eta bai erietxeetako sendagile buruek. Erreforma horrek Gobernu frantsesak aurretik bideratu izan dituen plangintzei jarraitzen die. 2007an, adibidez, erietxeei urtean burututako ekintzen araberako aurrekontua onartzea erabaki zen. Roselyne Bachelot Osasun ministroaren legeak erietxeen kudeaketa eskualdeka egitea aurreikusten du. Eskualdeko Osasun Agentziak sortuko dira, 2010. urtetik goiti, eta horiek kudeatuko dute osasun sare osoa. Agentzion eginbeharra erietxeak biltzea da, eta, aurrekontuen defizita mugatzea. Gaur egun Estatu frantsesean mila erietxe inguru daude. Legearen bidez, berrehun barruti sortzea da asmoa, barruti bakoitzean bost erietxe izango direlarik. Laurent Orsini Baionako erietxeko Sud Solidarité sindikatuko kideak horren gainean duen iritzia azaldu zuen: «Erietxe publikoak konkurrentziara zabaldu nahi dituzte. Erietxeetako zerbitzuen artean dirulaguntzak eskuratzeko konkurrentzia sistema bat sortu dute. Ezinezkoa da osasuna horrelako sistema batean oinarritzea. Erietxe publikoak, konkurrentzia horri aurre egiteko arazoak izanen ditu», gaineratu zuen. Legea dagoeneko Senatuan eztabaidagai dute, behin betiko Parlamentuan bozkatua izan aurretik. Gaur, erreforma horren aurkako greba eguna deitua dute sindikatuek, errentagarritasunari ematen zaion lehentasuna salatzen dute, besteak beste. Sud Solidarité sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, «errentagarritasunaren izenean, gaixo bat bi egunez atxiki eta gero, behar izatekotan, berriz hartzea nahiago dute, astebetez atxiki baino. Interesgarriagoa zaie ere zesareak egitea, emakumeari berez erditzen uztea baino», esan zuen