«Arazoari osasun sarea osatzen dugunok aurkituko diogu irtenbidea»
Sebastien Vargas Hazparnetik Atharratzeko bidean geratzen den klinika bakarreko zuzendaria da. Estatu frantseseko landa inguru askotan klinikak ixtera behartuak izan dira Estatuak inposatzen dituen mugak betetzen ez zituztelako. Sokorri dagoeneko ez dago ixteko arriskuan, baina, sendagileen lankidetza ezinbestekoa zaio bizirauteko.
«Bachelot legeak», besteak beste, osasun eskaintza mutualizatzea aurreikusten du. Zer ondorio dauka Sokorri bezalako klinika batean?
Baiona eta Akizeko erietxeekin lankidetza hitzarmenak eginak ditugu ekintza berezi batzuetarako. Guk, mutualizazio kontu horrekin arazo bat daukagu: distantzia. Hitzarmen horiei esker, erietxe nagusi horietako sendagile baten laguntza izaten dugu ekintza jakin batzuetarako. Legea zerbait bada, baina, praktikan ezin izaten dira beti testuak aipatzen dituenak bete.
Sokorri da, Baiona eta Paue artean geratzen den azken klinika. Ixtera behartuak izan diren hurbileko erietxeen adibideak asko dira Estatu frantsesean. Horrelako zerbait gertatzeko arriskurik ba al da?
Geroari begira baikor naiz. Arazoa konplexua da. Orotariko medikuek gaixoak ez badituzte gurera bidaltzen, arazo bat izanen dugu. Kirurgia, obstetrizia eta medikuntza sailak jorratzen ditugu gure klinikan. Zerbitzu publiko bat bezala funtzionatzen dugu. Gauza da, esate baterako, kirurgian nahiko lan ez badugu, arazo bat izanen duela Sokorrik. Ekintza mugak inposatuak zaizkigu. Erditze-etxean, adibidez, urtean hirurehun erditze egin behar ditugu. Joan den urtean ez dugu kopuru hori bete, baina, aurrekoan gehiago egin genuen. Beti gaude mugan, eta beraz, etengabe daukagu ixteko arriskua.
Zenbat pertsona izaten dituzue urtean klinikan? Inposatua zaizuen muga betetzen al duzue?
Eskaintzen ditugun artatze mota guztiekin, lau mila esku-hartze egiten ditugu urtean. Klinikak aurrera egitea nahi izatekotan, kopuru horrek ez du behera egin behar. Lekuko medikuntza orokorra egiten duten sendagileek Sokorrirekin lan egiten jarraitu behar dute, eta, horrenbestez, gaixoak gure erietxera bidali behar dituzte. Barnealdean osasun eskaintza mantentzea nahi badugu, guztiok elkarlanean aritu behar dugu. Oso ahulak gara. Gaixo guztiak Baiona eta Pauera bidalita, horrek arazoak sortuko lituzke Sokorrirentzat. Eta, gure klinikaren inguruan eratutako osasun sare eta zerbitzu guztiek ere porrot eginen lukete.
Nafarroa Beherean eta Zuberoan sendagile kopurua txikituz doa. Nola ikusten duzu arazo hori?
Gu bertan gaude. Larrialdiko zerbitzu bat daukagu, eta hori garrantzitsua da. Baina, geroan Sokorrik ez luke eskualdean dagoen gabezia bere gain hartu behar. Medikuntza etxeak sortzea ongi dago, baina, horretarako jendea behar da. Behar dugu ikusi nola lan egiten ahal dugun. Bai, medikuntza orokorra egiten duten sendagileekin, baita osasun sarean parte hartzen duten eragile guztiekin ere. Horretarako, gogoeta sakona egin behar da.
Garapen Kontseiluaren baitan parte hartu zenuen sendagileen demografiari buruz egin ziren bileretan. Beste elkartzerik izan al duzue geroztik ?
Egoeraren azterketa zehatz bat egin genuen. Bilkura horietan hainbat arazo mahai gainean jarri ziren. Baina, geroztik ez gara elkartu. Egoerari aurre egiteko irtenbidea geuk aurkituko dugu, hots, barnealdeko osasun sarea osatzen dugunok. Beharko dugu gaia aztertu egoera horretan klinikak leku bat izan dezan, eta bereziki, geroan ez badugu nahi gure Ipar Euskal Herri barnealdea guztiz hustu dadila.