Obamak auzitegi bereziak mantendu nahi ditu, Irailaren 11ko auzipetuak epaitzeko
George W. Bushek sortu zituen epaitegi militarrak mantendu nahi ditu Gobernuak delitu jakin batzuk epaitzeko. Dena den, hainbat «erreforma» egitea eskatuko dio Barack Obamak Kongresuari, hala nola torturaren bidez lorturiko aitortzen erabilera debekatzea.
GARA |
George W. Bushen ekimenez 2006an sortutako salbuespenezko epaitegi militarrak mantendu nahi ditu Gobernu berriak, Irailaren 11ko atentatuen egile izatea leporatuta preso dituzten pertsonak epaitzeko. Iragarpena «aste honetan» egitekoa da Barack Obama, Etxe Zuriaren iturrien arabera. Presidenteak hainbat moldaketa egin nahi ditu epaitegion irudia hobetzeko.
Kongresuari «arau batzuk alda ditzan» eskatzeko asmoa du. Epaitegian berretsitako deklarazioen balioa mugatzeaz gain, torturen bidez lorturiko deklarazioen erabilpena debekatu nahi du, eta akusatuek abokatua hautatzeko aukera izatea.
Agintera iritsi zenean, urtarrilaren 20an, epaitegi horien eginkizuna airean utzi zuen behin betiko erabakia hartu bitartean. Agindutako etenaldia luzatu nahi du Obamak Kongresuan gaia azaltzeko.
Jon Jackson abokatu militarraren ustez, salbuespenezko epaitegiak mantentzea erabaki okerra da. «Errazena epaitegi horiek bere horretan uztea da, jada sortuta daudelako. Zailena, berriz, akusatu horiek epaitegi arrunt batean epaitzea da», plazaratu zuen. Eztabaidaren muinean torturaren erabilpena dago. Justizia Ministerioaren barne-txosten batzuen arabera, Khaled Cheikh Mohammed atxilotuari 183 aldiz egin zioten itolarria sortzen duen tortura mota Guantanamon.
«Iraganera itzultzea»
Amnesty Internationaleko kide Tom Parker-en esanetan, epaitegiok mantentzeak AEBen irudia areago lohituko luke. «Erabaki horrek Obamaren Gobernua iraganera itzultzen ari dela islatu dezake», adierazi zuen. Human Rights Watch taldea ere kontra azaldu zen eta epaitegi bereziak desagertzea exijitu zuen.
AEBek Iraken eta Afganistanen dituzten base militarretan torturak jasan dituztenen argazkiak ez argitaratzeko agindu du Obamak, segurtasun nazionalari begira zer nolako eragina izan dezaketen aztertu arte.