Gero eta arrazoi gehiago greba orokorrerako
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru euskal sindikatuek maiatzaren 21erako deitu duten greba egunero ari da atxikimenduak jasotzen. Atzo hirurogei eragile ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalek beren sostengua adierazi zuten agiri baten bidez. Besteak beste, «aberastasunen banaketari helduko dion eredu ekonomiko eta sozial» baten beharra agertu zuten, helburu hori duten politika fiskal eta sozialen bidez. Hain zuzen, administrazioek egiten dutenaren kontrakoa. Herenegun bertan Rodriguez Zapaterok krisialdiaren aurkako neurriak aurkeztu zituen, krisiak gogorren kolpatzen dituztenak baztertzen dituzten neurriak, hain zuzen. Aldi berean, Gasteizko Gobernuak elkarrizketa sozialerako mahaia osatzeko lehenik patronalarekin bilduko dela iragarri zuen. Gobernuek, enpresaburuek bezala, ez dute greba orokorrerako motiborik ikusten. Aitzitik, langileek oro har, gero eta motibo gehiago ikusten dute, eta administrazioek iragartzen duten neurri bakoitza motibo bat gehiago dute. Euskal Herrian, gainera, indarreko marko juridiko-politikoa dela-eta ezin dela arlo ekonomiko eta soziolaboraleko erabakirik hartu ahaztu gabe. Atzo aurkeztutako agiria askotariko esparruetako eragileek izenpetu dute, haietako batzuk ezohikoak horrelako deialdietan. Gero eta arrazoi gehiago dago kalera irteteko, eta atxikimendu ugari eta askotariko horiek arrazoi horien isla dira.