Marine Pueyo Iruñeko Udaleko zinegotzia
Yamiled Giraldo eta Yasmin Zamira Rodriguezi. Emakume guztiei.
Emakumeak ikusezinak egiten saiatzen dira eta ikusezintasun hori indarkeriarik zorrotzen eta eraginkorrena da. Eta, are gehiago, aurre egiten zailena
Yamiled Giraldo, 33 urteko emakumea hil dute. Emakumea izatea eta gezurrari, irainei, abusuei, mehatxuei ezetz esatea izan da haren delitua. Yasmin Zamira Rodriguez 37 urteko beste emakume hila da, haren delitua emakumea izatea. Hau da errealitate larri eta desesperagarria. Ehunka emakumek -munduan milioika- jasaten duten errealitate berdina, egunero beren oinarrizko eskubideak gizon batek zanpatzen dizkie haien jabe bakarra eta erabatekoa delakoan.
Nazio Batuen Erakundearen hitzetan, indarkeria matxista «gizateria osoan hedatuen dagoen ezkutuko hilketa da». Honen inguruan alferrikakoak diren adierazpen instituzionalak asko badira ere, agerikoa da gutxi dela honetan aurreratu dena, eta hau hasierako akats batengatik da. Hau da, horrelako gai bati aurre egiteko ezin gara seinaleetan gelditu, diagnosi on bat egin behar dugu tratamendu aproposa erabili ahal izateko.
Egoera honen jatorria nagusi den sistema patriarkala da, pertsonen arteko askotariko harremanak sexuaren arabera ezartzen dituena. Horrela, sexismoa ez da egoeraren araberakoa, baizik eta estrukturala, sistemaren oinarrizko sostengua osatzen duena eta indarra, inposizioa eta indarkeriaren erabilerarekin sendotzen da, bere sostengurako beharrezkoak diren bideekin, alegia.
Beraz, sistema patriarkal honen existentzia, sexismoa oinarrizko sostengu bezala, bere izaera estrukturala eta bere iraupenerako behar duen indarraren erabilera kontuan hartu beharreko elementuak dira konponbide eraginkorrak bilatzeko, azterketa eta diagnosia egiterakoan. Ez baditugu kontuan hartzen, ezinezkoa da ulertzea eta borroka egitea egunero emakumeak jomuga dituen eta hain hedatuta dagoen indarkeriaren kontra.
Halere, instituzio gehienetan horrelako analisiak saihestu egiten dira, eta emakumearen gaiari jarrera paternalista eta asistentzialaren bidez aurre egiten saiatzen dira. Osotasunezko planteamendu falta eta baliabideen gabezia gaineratzen badiogu, egunez egun errealitateak modu gordinean erakusten dizkigun emaitzak ditugu.
Horrexegatik ez da asmatzen. Horrexegatik jarraitzen dugu bizimodu gogorra izandako emakumeen gorpuak pilatzen. Horrexegatik, legeak, berdintasun planak, emakumeen kontseilu edo zinegotzigoak gorabehera, ez da jendartearen gaitz hori, indarkeria hori, bukatzea lortzen. Ez da esaldi edo gaitzespen kontua, pertsonen arteko berdintasunezko harremanetan oinarritutako sistema ez patriarkalaren aldeko politika tinko eta irmoak behar dira.
Gainera, emakumeak ikusezinak egiten saiatzen dira eta ikusezintasun hori indarkeriarik zorrotzen eta eraginkorrena da. Eta, are gehiago, aurre egiten zailena. Hala, beste biktima batzuengatik ezohiko batzak eta erabateko gaitzespenak egiten dituzten bitartean, biziaren babesle sutsuak bihurtu direnendako oharkabean pasatzen da emakume baten hilketa. Baina jarrera hau, horien itxurakeria, inkoherentzia eta sinesgarritasun falta agerian uzteaz gain, nabarmen uzten du bizitzaren defentsa hori oportunismo politiko eta partidista besterik ez dela.
Duintasunez bizitzeko, etxean ez gelditzeko, entzunak izateko eta edozein eremu eta esparrutan ikusgai izateko eskubidea dugu. Emakumeen kontra egunero gertatzen den indarkeria salatzeko leku publikoa aldarrikatzeko dugun eskubidea utziezina da, gure bizipenak ezagutzera emateko, garena islatu ahal izateko.
Hilketa hauen aurrean, mundu osoko emakumeen askatasunerako borrokarekiko konpromisoa berrestea beharrezkoa da. Gaur, beti bezala, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeekin gaude, esplotatuak direnekin, hildako emakumeekin, Tatiela, Nagore, Mari Puy, Yamiled, Yasmin... eta abarrekin, beren anonimatotik beren tokia berreskuratzeko, ikusgai izateko lanean diharduten emakumeekin. Borrokak bakarrik eramanen gaitu askatasunera eta lortu arte ez gara geldituko. Yamiled eta Yasminengatik, gu geu guztiongatik.