GARA > Idatzia > > Kultura

«Mariren labirintoa» musikala osatu dute Donostialdeko musika eta dantza eskolek

p049_f01_97x92.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Mari, Sugar, Tartalo, Basajaun eta Izar lamiak abenturaz josiko dute maiatzaren 29, 30 eta 31n Victoria Eugenia antzokia. Izan ere, Donostialdeko hainbat musika eta dantza eskolek »Mariren labirintoa» musikala prestatu dute elkarlanean. Ikuskizun hau 300 pertsona inguruk taularatuko dute lehen aldiz, eta horien artean izango dira 13-14 urte inguruko Easo eta Pasaiako musika eskoletako abeslari protagonistak, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola edo Lezo, Hernani eta Errenteriakoak. Iñigo Peñak sortu ditu istorioa, musika eta kantuen hitzak.

Bost gazte, urtero bezala asteburuan mendian kanpaldia egitera joango dira. Aurtengoan, Iker protagonistari tokatuko zaio nora joan aukeratzea eta kondairekiko duen zaletasuna dela-eta, mendi misteriotsu batera abiatuko dira.

Peñaren esanetan, musika aldetik «agian jazza nagusitu arren, pertsonaia bakoitzaren izaerak asko baldintzatzen du estiloa. Horrexegatik denetarik dago, abestutako kantuak, instrumentalak, `euskal rock' delako bat... Ikusleak berehala identifikatuko du musika bakoitza pertsonaia ezberdinekin».

Enrique Santiago zuzendari eszenikoak adierazi zuenez, «elementu eszeniko garaikide guztiak uztartzen saiatu gara: telebista, antzerkia, musika, opera, ipuinak... Guztiarekin istorio bat kontatu nahi izan dugu».

Dantzak, abesbatzak, orkestrak, konboak eta aktoreek osatzen dute musikala eta guztia antolatzea izan da, Sergio Zapirain musika zuzendariaren ustez, lanik zailena. Funtzio guztiak arratsaldeko 20.00etan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo