Dantzarako kalipua du elikagai nagusi Mamba Beat bilbotarren «Energia» disko beroak
«Dantzarako proposamen mestizo» gisa aurkeztu zigun Gaztelupe zigiluak Mamba Beat taldea, debut homonimo bikaina plazaratuta. «Energia» bigarren emaitza dantzagarria dakar orain, Baga Biga diskoetxean.
Anartz BILBAO | BILBO
Acid jazz indartsu eta eguneratu legez aurkeztu zuen atzo Mamba Beat bilbotar talde bikainak bere bigarren emaitza, «Energia». Eta house funk omen sortzen duten soinu beroa. Estreinako lanarekin harritu gintuen taldeak soinua indartu nahi izan du honakoarekin, eta Euskal Herria siderurgiaz ez ezik, dantzariz ere betea dela erakutsi.
Boskote, seikote edo zortzikote, hamaika lagunek osatzen du taldea. Hiru urte baino ez dira taldea Bilbon sortu zela, Mikel Piris (ahots, flauta, saxo eta programazioak), Miguel Comas (baxu eta programazioak), Rafa Aceves (piano, teklatu eta ahotsak) eta Igor Imaz (bateria) laukotearen eskutik, eta musikari lagunak gehituz, soinua aberastuz joan dira etengabe. Horrela, lan honen kredituetan bereizketarik gabe agertzen dira parte hartu duten gainontzeko musikari guztiak ere: Andeka Marina, Ibon San Vicente, Gari Badiola, Txema Aspiltze, Virginia De la Casa, Raul Lomas, Angel Fernandez, Manu Mendez eta Valerio.
Uztarketa oparoa
Euskal Herrian sortu eta munduari so dago taldea, hizkuntzak uztartuz -euskara, gaztelania eta ingelesa entzuten dira- eta erritmo ezberdin ugari nahastuz (elektro - house-funk - acid-jazz - latin-disco -ethnic-drum&bass), betiere dantzaren ikuspegi hedonista batekin.
Izenak izana ekarri ohi du, eta ez dute alferrik «Energia» izendatu izerditan blai bukatu eta sasoiko jartzeko disko aproposa.
Taldearen esanetan gainera, soinu indartsu eta hobe bat lortu nahi izan dute bigarren honekin, nazioarteko beste edozeinen parean ondo eusteko modukoa. Eta, betiere taldekideen aburuz, bai lortu ere: «Grabaketa prozesu zailagoa izan du lan honek, eta atalka egin dugu estudio analogiko batean -aurrekoa digitalean eman zuten-, soinu organikoago eta beroagoa lortu nahian».
«Energia» Bomboajazz eta Euridia estudioetan grabatu dute, Ibon Larruzearen gidaritzapean eta musika ekoizpenaz taldea bera arduratu da. Diseinua berriz, Vudumediaren lana da.
Mamba Beateko partaideen esanetan, «taldeak ikuspegi irekia eta zabala du», eta ez soilik erritmoei dagokionez. Beraz, gero eta gehiago jotzea dute helburu, bai gerria mugitzea kostatzen zaion Euskal Herrian eta bai gure oholtzetatik landa ere. «Abuztu partean Andaluzia aldera jo nahiko genuke, eta Frantzian ere, gure proposamenak harrera ona jaso zuela frogatu genuen aurreko bisita batean». Zuzeneko kontzertuak ahotan, taldekideek «Energia» zuzenera eramateak daukan zailtasuna azaldu nahi izan zuten, baina «grabatuta dagoena ematen dugu zuzenean ere, are indartsuago gainera» nabarmendu zuten.
Laster Gasteizko Jazzaharrean edo Leioako Kalian jaialdian parte hartuko dute, baita Donostiako Be Bop taberna piztu ere.
Guzti horiek baino lehen, larunbatean frogatu ahal izango dugu Mamba Beat etxean sua pizteko gai dela, Bilboko Kafe Antzokia hankaz gora jarriko duen jaialdia gartsuan. Bertan izango dira Priscilla funk talde eta lagunak ere.
Lehen laneko emaitza hobetu nahian, honakoan Mamba Beat taldeak estudio analogiko batera jo du, soinu organiko eta beroago bat lortu nahian.
Data: Maiatzak 16, larunbata.
Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).
Ordua: 21.30ean.
Sarrerak: 8/10 euro.
Taldeak: Norman Dj + Priscilla + Mamba Beat (+ Chicobicho visuals).