GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Un partido para la Historia

Zuri-gorriz tindatuta, «Valencia es converteix en una petita Euskal Herria»

Sentimendua, soilik hitz horrekin azaldu daiteke atzo Valentzian bizitakoa. Athleticen milaka jarraitzailek, 35.000tik gora, hiria hartu, eta zuri-gorriz jantzi zuten.

p008_f02_49506.jpg

Beñat ZARRABEITIA

Eguneko lehen argi printzekin batera ailegatu ziren milaka zale zuri-gorri Turiaren ibaiaren ondoko hiriburura. Asteartean asko ziren bertaratuak, baina atzokoa benetako inbasioa izan zen. Autobusak eta autoak, bata bestearen atzetik heltzen. Milaka eta milaka pertsona edozein garaiko Athleticen kamiseta soinean.

Eguerdirako, Athletic Hiria jendez lepo zegoen. Baita inguruko kale eta taberna guztiak ere. Zuri-gorriaren aldeko oihuak ere, bata bestearen atzetik entzuten ziren. Jarraitzaileek elkar agurtzen zuten eta gidari askok klaxona jotzen zuten konplizitate keinu gisara.

12:00

Karpan aurpegi ezagunak ikus zitezkeen. Jose Mari Arrate taldeko presidente ohiarena eta Josu Bergara, Bizkaiko diputatu nagusi izandakoa, kasurako. Valentziako karriketan barreiatzea erabaki, eta nonahi aurki zitezkeen zaleak. Askok, ESAIT Euskal Herriko kirol selekzio ofizialen aldeko pegatina berdeak soinean zeramatzaten.

Bigarren topagune handi bat, Santa Caterina plazaren inguruak. Sekulako giroa sumatzen zen bertan. «Barça entzun, Athletic txapeldun», «txapeldunak, txapeldunak», «Eto'o, Eto'o, Eto'o, hemos venido a escupirte, que seas negro nos da igual», «Gaiz, Gaiz, Gaizka Toquero» edo, berrikuntza nagusi gisa, «cómeme el rabo, Juan Carlos cómeme el rabo» izan ziren lelorik entzunenak.

Karpan, sekulako giroa

Milaka eta milaka ziren Athleticeko zaleak. Bartzelonakoak, aldiz, oso gutxi. Uholde zuri-gorriak erdian harrapatutakoek harridura aurpegi galantarekin ikusten zuten ikuskizuna. Zuri-gorriek sekulako gola sartu zieten kaleetan. Bazkaltzeko ordua gerturatzen zen heinean, Valentziak Euskal Herria txiki baten itxura gero eta handiagoa hartzen zuen. Athleticen kamisetak, bufandak, zapiak, banderak, txapelak, ikurrinak eta euskal preso politikoen aldeko ikurrak. Denak balio zuen talde bizkaitarrari bultzada emateko. Jokatutako azken finaletik 24 urte igaro ostean, adin guztietako athleticzaleek topo egin zuten. Karpan zeudenek musikarekin gozatzen zuten, euskal klasiko rockeroak, disko musika eta talde zuri-gorriaren inguruko kantuak.

15:00

Bazkalordua. Jatetxeak jendez beteta eta kolore zuri-gorriak nonahi. Gehiengo osoa. Baina, apurka hasi ziren Bartzelonatik etorritako autobusak agertzen. Egin beharreko distantzia askoz ere txikiagoa zuten eta euren futbolariek egin zuten moduan, goiz eta eguerdian inguratu ziren.

Zaldian ere, Mestallara

Alde Zaharreko kaleetan Pachi Izco Osasunako presidentea ikusi zuenik ere bada, baita Bittor Alkiza Athleticeko jokalari ohia ere. Bitxikeria moduan, Valentziara zaldiz bultzatutako karro batekin ailegatu zenik ere izan zen. Giroa puri-purian zegoen jada. Partida gerturatu ahala, zale zuri-gorrien optimismoak nabarmen egin zuen gora eta Athletic Hiria guneak agertzen zuen itxura zoragarria zen.

19:00

Kaleko giroak gora egiten zuen heinean, Polizia espainiarraren presentziak ere gora egin zuen. Hainbat iturriren arabera, kasik 5.000 polizia zeuden Valentzian. Zaldizko poliziek Mestallaren inguruak hesitu zituzten, han bildutakoen txistu hotsen artean.

Handik ez oso urruti, zoramena zuri-gorrian. Patxi Salinasek -Yesteren kamiseta eta gerrian ikurrina handi bat zeramatzala- dozenaka argazki atera zituen, baita Txefe Guerrerok eta Zubiaurrek ere. U2ren bertsioez gozatzen, zaleei itxaronaldia arindu zitzaien.

20:31

Athleticen autobusa Mestallara iritsi da. Zaleen babesa, itzela. Jokalari eta teknikariak elkar besarkatzen, eta barrura. Kalekoz jantzita, berdegunera irten ziren. Arrakastaren atariko une zirraragarriak?

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo