GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

NBEko itzultzaileari, «terrorista» baten eskutitz irekia

Madame la traductrice, egun on. Espero dut nire agurra trabarik gabe jasoko duzula. Zure lanbidean belarria altxorra izanik, zalantza gutxi dut, New Yorken izanik ere, nire hitzen oihartzuna izanen duzula.

Iduriz zerorrek eta bertze frantses hiztun batzuek ez duzue atsegin Terexa Mitxelenaren hizkera. Bitxia, benetan, aniztasunaren miraria den biltzarrean jarduten duten delegatu batzuek eta, nola ez, NBEko enplegatu soil batek, bestearekiko hain adeitasun gutxi agertzea.

Mitxelenaren azentua jasangaitza egiten zaizue. Izan ere, zuekin ulertzeko egindako ahalegina ez duzue preziatu. Hurrengoan, agian, euskaraz soilik entzunen duzue euskal jendea...

Madame la traductrice, Mitxelenak esandakoa ondo baino hobeto ulertu duzu. Zerk egin dio min zure urrezko belarriari? Gure herriaren hizkuntzaz egin duen defentsa hunkigarria?

Milaka kilometro bereizten gaituzte, madame la traductrice, baita munduari buruz zuk, han, eta, guk, indigenok, dagokigun lurraldean, izanen dugun begirada. Mitxelenak, eta Hoc, eta herritar delegazio osoak herri honi bozgorailua zabaldu diote, bigarren urtez, Nazio Batuetan.

Are gehiago, bere hizkuntza iraintzeko erabili gabe, zuetako batzuk zertxobait uler dezazuen esperantzan hizkera «exotikoa» baliatu dute. Hala ere, Lancreren 400. mendeurrena kari, heresiatzat jo dituzue, berriz ere, euskaldunen hitzak!

Ika-mika hutsalak alde batera utzita, mezua pasatu da. Frantziar delegatuak haserre agertu dira. Belarrian min dute, beraiek ere, Europa honetan, Hexagono baitan, jatorrizko herriak izateaz gain, askatasun egarri direla entzun behar izan dutelako.

Horregatik, hain zuzen, madame la traductrice, zuri nahi gabe irekita gelditu zaizun mikrofonoa beste batzuei bortizki itzalarazi nahi diete. Inork ez dezan aditu, egun hauetan NBEn egin duten bezala, euskara zapaldua dela edota frantziar poliziek militante politiko izateagatik jendea atxilotzen dutela Euskal Herrian.

«Terroristak, terroristak, terroristak». Terexak mintzaldia amaitu eta gero, hiru aldiz erran duzu hitz madarikatua, itzultzaile anderea, eta herritar horiengana sentitzen genuen miresmena hiru bider emendatu duzu. Mila esker eta sarri arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo