GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Betaurrekoen gripea

Ez daukat modurik futbola ahazteko! Segika dabilkit ni noan tokira! San Mamesera banoa ere! Hara!, futbol denboraldia amaitzear dagoela, eta diren kopa guztiek zeinek altxatu badutela, politikaren zelaian hasi da ugaritzen futbolaren hiztegia. Zerrenda internazionalistak Okerbide-Estatuaren galbahetik pasatzea lortu duela eta hara! gola sartu omen zuen. Gola sartu zelaia, baloia, arbitroa, marrazainak, atezainak, bestelako zain guztiak, kornerreko banderatxoak eta berdeguneko soropila bera ere Estatuaren menpekoak izanda. Beraz, bisitari joan eta irabazi! Hori ez da ohikoa izaten euskal taldeetan, derbietan ez bada! Tira! Bada garaia, futbola futbol, hiztegia berritu eta globalizazioak eskatu parametroetara behingoz egokitzeko! Hortaz, zergatik arbitroak zelai-ertzetan laguntzaile dituen horiei marrazain deitu eta ez ertzain? Azken batez ertzak zaintzen dihardute, ezta?

Baina futbola politikan hedatze hori ez da zorioneko golera mugatzen, ez horixe. Horra, kasurako, Loiolan iraganean erromeria gune eta orain zelai den horretan lehengoan entzuna ezker abertzalearen taldeko prestatzaile fisikoaren ahotik; hots, taldea guztiz prest dagoela bertoko zelaian jokatutako lehenengo zati hari dagokion bigarren zatia jokatzeko. Horra!, futbolaren basilikak dio aurrea hartua katedralari. Bai, bigarren zatia jokatu gabe geratu zen orduko hartan, nonbait lehenengoak luzeegi jo zuen eta zelai hura ez zegoen gauaz jokatzeko prestatuta, argirik ezagatik edo. Dirudienez, taldea beroketa lanetan dabil azken bolada honetan, akupuntura eta guztiz, eta litekeena da, halaxe diote behintzat, udazkenerako gorputzaldi bete-betean izatea, okasioak eskatu bestekoan. Apustuak martxan dira dagoeneko Interneten, eta zati horretarako sarrerak notario aurrean omen dira banatuko! Argi dago etxeko taldeak irabaziz gero pikutara botako duela segituan Errege Kopa, edo, hobeto esanda, bata eta bestea botako, ordena horretan. Pikuek barkatu gaitzatela!

Berdetik berdera. Kimu berdeak agertzen daude ekonomia-zelaian! Omen. Betaurrekoak ez dira neutralak! Ez ote dira batzuk gorrituko hori esanda langabetuen zerrenda beltzei begira? Ala euren materia grisa zuritzeko sartzen dira marroi horretan? Ez nau harritzen sindikatu batzuek gorria atera izanak. Nuklear berdea ere saldu nahian dabiltza! Noizko ERE bat, Energia Razionalizatzeko Estrategia?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo