GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Presoei elkartasuna adierazi diete Bilbon, Hernanin eta Lekeition

Bilbon eta Hernanin Elkartasun Eguna izan zuten atzo, eta Lekeition manifestazio isila egin zuten euskal preso eta iheslariei eta haien senideei elkartasuna helarazteko asmoz. Egun osoko ekitaldien bidez, preso politikoen eskubideak egunero urratzen dituztela salatu zuten.

p019_f02_148x108.jpg

GARA |

Hernanin hirugarren aldiz egin zuten Elkartasun Eguna, euskal preso politikoei eta iheslariei ondoan dituztela jakinarazteko eta haien familiei ere elkartasuna adierazteko. Kondena beteta duten edo gaixotasun larriak dituzten herritarrak aska ditzatela exijitu zuten eta presoen eskubideak egunero zapaltzen dituztela kritikatu zuten.

Astean zehar hainbat ekintza egin ondotik, atzo egitarau betea izan zuten. Haurrentzako kros txikiarekin hasi zuten eguna eta gero helduak ibili ziren korrika, Hatzi Klinbers eskalatzaileek erakustaldiak egin zituzten herriko hormetan gora eta manifestazioa egin zuten presoen eskubideen alde. Atsegindegin bazkaldu zuten eta arratsaldean presoek eta herritarrek egindako lanen enkantea eta jokoak izan ziren. Ekitaldi nagusia Tilosetan egin zuten eta gauean musikaz gozatzeko parada izan zuten herritarrek: Rockaiet, Iam Raros, Morau, Agotak eta Trifulkak aritu ziren giroa alaitzen.

Ertzaintza, zigorrak leporatzen

42 taldek bat egin zuten Bilboko Elkartasun Egunarekin, hainbat konpartsak, gazte taldek eta herri mugimenduk, Kaskagorrik, Pa-yak, Gazte Independentistek, Elkartzenek, Bilgune Feministak, EHGAMek eta LABek, zenbait aipatzearren. Ekintza piloa egin zuten Arenalean, herri kirolak eta paella txapelketa, adibidez, eta Alde Zaharrean presoen argazkiekin poteatu eta kontzertuan gozatu zuten. Ertzaintzak, ordea, presoen hogei bat kartel kendu zituen eta irudiak itsasten ari ziren lau pertsonari «terrorismoa goraipatzea» leporatu zioten. Bergaran beste bost kartel kendu zituzten.

Lekeition manifestazio isil baten bidez egin zuten bat herritarrek euskal preso politikoekin. Hiru eskaera nagusi egin zituzten: gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten lagunak berehala aska ditzatela eskatu zuten; biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera utzi ditzatela ere exijitu zuten, hau da, kondena beteta duten presoak kaleratu eta kalean dauden preso ohiak bakean utz ditzatela; eta, azkenik, sakabanaketari eta bakartze politikei amaiera eman behar dietela eta euskal presoak Euskal Herrira ekarri behar dituztela aldarrikatu zuten.

Eskaera horiek guztiak jasotzen dituzten mozioak aurkeztu nahi dituzte eskualdeko udaletan eta legebiltzarrean eta horretarako sinadurak biltzen ari dira egunotan.

sinadurak biltzen

Lekeition eta inguruko herrietan sinadurak biltzen ari dira egunotan udaletan eta legebiltzarrean presoen eskubideen aldeko mozioak aurkezteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo